AKTUALITATEA


| 2020-01-29 12:30:00

EH Bilduk salatu du Urtaran ez duela bete Santa Barbara plazako bizilagunei emandako hitza; izan ere, zamalanetarako nasa bertan behera utziko zutela esan zieten arren, Udalak berak jakitera eman duenez, ez dala hala izango azkenean.

Duela hilabete inguru, 2019ko abenduaren 16an, Gasteizko Udalaren eta Corte Inglés S.A. merkataritza-sozietatearen artean sinatutako hitzarmenak honako hau jasotzen zuen: "Hitzarmenaren xedea da Corte Inglés SA merkataritza-enpresaren salgaien zamalanetarako nasa lurperatzeko beharrezko prozedurak burutzea, merkataritza-gune horretako logistika-lanek ez diezaieten eragozpenik eragin Santa Barbara plazan eta honen inguruan bizi diren herritarrei.

Baieztapen horiek, ordea, ez dirudi adostu bezala burutuko direnik, Urtaranen gobernuak, jakitera eman duenez, zama-nasa lurrazalean mantentzeko asmoa baitu. Zarata, trafiko eta inguruko bizilagunei eragozpenak eragin dizkien nasa izan da azken urteetan. Eta, izan ere, eta hitzarmen horren arabera, "El Corte Inglések zamalanetarako nasa ordutegi batekin mugatuko du, gaur egungo eraikinera sartzeko 0 kotako sarbideak duen antzeko, logistika-lanak egiteko. Pasabide horretatik sartuko diren ibilgailuak, merkantziak garraiatzeko ibilgailu arinak eta 3.500 kg-tik beherako furgonetak izango dira".

Gobernuak, beste behin ere, bizilagunei emandako hitza urratzen duela erakusten du baieztapen horrek. Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak salatu duenez, "Arazoek bere horretan jarraituko dute. Urtaranen gobernuak engainatu egin ditu Santa Barbarako bizilagunak, eta bermatu die zamalanetarako nasa kendu egingo zela, eta, hala ere, gutxieneko ordutegi-muga batekin mantenduko dutela".

Baina are gehiago, Ogasun Sailak zirriborro bat egin zuen, non ezartzen zen, behin lurpeko karga-nasa martxan egon ondoren, iraungita geratuko zela lur gaineko ibilgailuak igarotzeko baimena. Alabaina, Mugikortasun eta Espazio Publikoko sailak erabaki horren aurrean atzera egin eta lurgaineko zamalanetarako nasa mantenduko du.