AKTUALITATEA


| 2026-09-07 08:23:00

Gobernu Taldeak mugikortasun-agenteen zerbitzu bat martxan jarriko duela iragarri ondoren, EH Bilduk gaur proposatu du talde hori 50 agenterekin sortzea; izan ere, kopuru hori egokia izango litzateke Gasteizko mugikortasunaren eta trafikoaren kudeaketan benetako eragina izateko.

Legeak 2003az geroztik jasotzen duen figura da mugikortasun-agentearena, eta harrezkero, hainbat udalerrik hartu dute figura hori abian jartzeko ardura. Gure inguruko kasurik ezagunena Donostiakoa da, 2009ko udan hasi baitziren lanean, eta gaur egun funtsezko elementua dira Donostiako trafikoa eta mugikortasuna antolatzeko eta zuzentzeko orduan. Gaur egun, Donostiak mota horretako 100 agente baino gehiago ditu bere kaleetan lanean. Esperientzia horretatik abiatuta, EH Bilduk uste du gutxienez 50 agente beharko liratekeela Gasteizko mugikortasunaren eta trafikoaren kudeaketan benetako eragina izateko.

Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak prentsaurrekoan azaldu du taldeak zerbitzu horren inguruan duen jarrera: «EH Bildurentzat eragile mota hau figura interesgarria da. Alde batetik, mugikortasunarekin lotutako guztia kudeatzen eta antolatzen laguntzen du (iragarritako trafiko-mozketak, kirol-probak, ekitaldiak...), eta berariazko figura bat da trafikoa kudeatzeko eta garraiobideen arteko bizikidetzarako, polizia-lan gehigarririk gabe. Bestalde, horrelako zerbitzu bat abian jartzeak esan nahi du udaltzainek ez dutela trafikoarekin lotura duen zereginik haien gain hartuko eta, beraz, polizia-izaerarekin edo segurtasunarekin lotura hertsia duten gaietarako gorputza birbanatu eta polizia-lan horrekin zuzenean lotutako beste zeregin batzuk sendotu ahal izango dituztela».

Araudi proposamenari eta PSE-EAJk mahai gainean jarri duen planteamenduari dagokionez, gorputzak egin beharreko funtzio zehatzei buruzko ñabardura eta azalpen batzuez gain, bi dira EH Bilduk beharrezkotzat jotzen dituen alderdiak Mugikortasun Agenteen araudia onartzeko izapideak errazteko. Alde batetik, 50 kideko zerbitzua izatea, arestian aipatu bezala eta, bestetik, «uste dugu gobernu-taldearen hasierako proposamena eskasa dela gorputzerako baliabide materialei dagokienez, batez ere ibilgailu propioei dagokienez; izan ere, horiei esker egingo baita zerbitzuaren hedapena, larrialdi-egoerei erantzun ahal izango zaie eta abar. Alde horretatik, EH Bilduk eskatzen du zentzuzko epe batean behar adina lokomozio-baliabide jartzea (jakina, zero emisioko autoak edo motozikletak, eta bizikleta elektrikoak), ezartzen diren txanda guztietako langileen beharrei erantzuteko», azaldu du Ruiz de Larramendik.

«Gure ustez, hori izango litzateke hasierarik onena. Hala ere, aurrekontu- eta ekipamendu-beharren arabera, 50 agente horiek sartzeko aukera mailakatu daiteke, betiere arrazoizko epe batean eta gutxienez kopuru horretara iristeko konpromiso argiarekin. Horrek aukera emango liguke haien lana benetako eszenatokian testatzeko, eta, hala badagokio, plantilla etorkizunean zabaltzea beharrezkoa litzatekeen planteatzeko, Donostiako zenbakiek iradokitzen duten bezala».

«Bi gai horiei behar bezala erantzuten bazaie, mugikortasun-agenteen zerbitzua ezartzeko izapideak has daitezke, eta gehiengoa bermatuta egongo da onartzeko», amaitu du Xabier Ruiz de Larramendi zinegotziak.