AKTUALITATEA


| 2026-09-11 08:51:00

Arabako Foru Arauan aurreikusitako tasa turistikoa martxan jartzeko proposamena aurkeztu du EH Bilduk. Alderdi politikoak azaldu duenez, nahiz eta gaur egun Gasteiz ez egon turismo-saturazioko egoeran, turisten harrera ordenatua eta orekatua bermatuko duten neurriak hartu behar dira. «Eztabaida ez da tasa turistiko bat martxan jarri behar den ala ez, baizik eta indarrean dagoen araua nola aplikatzen dugun hiriaz gozatzeko orduan erantzukidetasuna bilatzeko», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak.


Horrela, EH Bilduk proposatu du Ordenantzaren A kategorian jasotako «establezimendu turistikoak» eta B atalean jasotako «erabilera turistikoko etxebizitzak» bereiztea.


Izan ere, lehenengo kasua jarduera ekonomiko arautuak dituzten establezimenduei dagokie, besteak beste, hotelei, pentsioei edo landetxeei. «Ekonomia-sare gisa eta enplegua sortzeko sare gisa ekarpena egiten duen turismo-sektore baten zati dira horiek, eta zergak ordaintzen dituzte, eta, aldi berean, balioa ematen diote hiriari. Egungo egoeran, non ez gauden saturazio egoeratik gertu, kontuan hartu behar da sektore horrek dagoeneko egiten duen ekarpena», adierazi du Viterok, eta, horretan oinarrituta, bere formazioak Foru Arauan aurreikusitako gutxienekoa aplikatzea proposatzen duela azaldu du, gobernu-taldeak aurkeztutako ordenantza-proiektuak aurreikusten duen bezala.


Hala ere, etxebizitza turistikoak deiturikoen kasuan, Viterok honako hau ziurtatzen du: «egungo bizitegi-larrialdiaren testuinguruan eta Gasteiz gune tentsionatu deklaratuta dagoela, etxebizitza turistiko bihurtutako etxebizitza bakoitzak garestitu egiten du salmentan dagoen etxebizitza, alokairua, eta atzeratu egiten du gazteen emantzipazio-adina». Gainera, nabarmendu du eredu turistikoa «oso balio erantsi gutxikoa dela eta arazoak sortu dituela hiri askotan». Horregatik, horietzako karga Foru Arauan jasotako gehienekoa izatea proposatu dute, hau da, 6,5 euro pertsonako eta eguneko, gobernuaren proposamenean aurreikusitako 4,5 euroen ordez.


Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, «gaur egun hiriak duen oreka mantendu nahi badugu, erabaki egokiak hartu behar ditugu; horregatik, erakunde publikoek ez dugu bultzatu edo erraztu behar premia bizikoa den ondasun urri baten aprobetxamenduan oinarritzen den etxebizitza turistikoen eredua».


Proposamen hau, zuzenketa gisa aurkeztuko dio Euskal Herria Bilduk udal gobernuak aurkeztutako ordenantza proiektuari, eta alderdiak mahai gainean jarri nahi izan du «kantitatearen aurrean kalitatea lehenetsiko duen» eredu turistiko baten alde eginten jarraitzen duela: «jasangarritasuna eta gure ondare kultural eta naturalaren balioa nabarmentzea oinarri izango dituen turismoa».