Gasteiz

Albisteak

Udaltzaingoak Martxoaren 8ko ekitaldietarako San Migeleko balkoiaren erabilera ukatu izana arbitrariotzat jo du EH Bilduk


Martxoaren 8an egingo diren ekitaldien harira, mugimendu feministak San Migeleko balkoia eskatu zuen mobilizazioetako bat bertan amaitu ahal izateko, eta Udaltzaingoak ukatu egin du okupazio hori gune berezi eta sinbolikoa dela argudiatuz

| 2020-03-02 11:13:00

EH Bilduk erabat arbitrariotzat jo du Udaltzaingoak hiriko mugimendu feministaren eskaria ukatu izana. Izan ere, mugimendu feministak San Migeleko balkonada eskatu zuen martxoaren 8ko mobilizazioaren azken ekitaldia egiteko.

Joan den otsailaren 28an, Udaltzaingoko komisario buruak ezezkoa eman zion mugimendu feministaren eskaerari, honako hau argudiatuz: "Espazioaren erabilera publikoa kontuan hartuta, eta San Migeleko Balkonadaren berezitasuna eta sinbolismoa kontuan hartuta, Udalaren Zerbitzu Publikoaren irizpidea da ez baimentzea inolako megafoniarik edo egintzarik, bertan egiten diren udal-jarduerak edo -ekitaldiak alde batera utzita".

Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, ez da lehen aldia balkoian hainbat ekitaldi egiteko lekua lagatzen dutena, besteak beste, Baskoniari eta Alavesi egindako harrerak eta Korrikaren amaierako ekitaldia. Hala ere, mugimendu feministari ez zaio baimenik eman espazio publiko hori erabiltzeko hain berezia den Martxoaren 8an.

Viterok bere jarrera berriz planteatzeko eskatu dio udal gobernuari, eta berdintasuna lortzeko borrokan ari den mugimendu feministaren lana ez oztopatzeko ere. Halaber, "Martxoaren 8an balkoian egingo den mugimendu feministaren azken ekitaldia baimentzeko" eskatu du.

Era berean, EH Bilduk eskua luzatu dio Berdintasun zinegotziari izapideak bizkortzen laguntzeko, Martxoaren 8an Gasteizko mugimendu feministak eskatu bezala, egingo dituzten ekitaldiak San Migeleko balkoian amaitu ahal izateko.