AKTUALITATEA


| 2019-09-04 13:23:00

Gasteizko LGTBI populazioaren errealitatearen diagnostikoak (Desirak Plazara) argitzera eman du udal langileak eta, bereziki, Udalntzainak aniztasun sexualean formatzeko dagoen premia larria.

 

Iragan abuztuaren 29an, Herritarren Segurtasunerako zinegotzia Marian Gutierrezek aurreikusitakoaren arabera, datorren azaroan hasiko da aipaturiko agenteentzako derrigorrezko formakuntza joera sexualengatik erasoak jasan dituztenen asistentzian.

 

Euskal Herria Bilduk uste du Indarkeria matxistari eta, era berean, LGTBI+ pertsonen kontrako bereizkeria orori, era transbertsalean aurre egin behar zaiola. Halaber, ezinegona adierazi du, Urtaranen gobernuak gaiaren inguruan hartutako erabakiengatik. Oraindik ere, transbertsalitatearen ikuspegia kontuan hartu gabe erabakiak hartzen dihardu gobernuak eta, beste behin ere, herri mugimenduko eragileak baztertzen erabaki horiek hartzerakoan.

 

Rocio Vitero zinegotziak dioenez, “Desirak Plazara diagnostikoan jasotako datuen arabera, eraso asko ez dira salatzen, instituzio nahiz poliziengatik emango zaien erantzunen beldur. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen dugu aipaturiko agenteen formakuntzak era honetako erasoak jasan dituzten pertsonen errealitateak barne har ditzan”.

 

Komunikabideetan argitaratutako informazioaren arabera, Herritarren segurtasunerako zinegotzia Gaylespol LGTBI Polizien Elkartearekin harremanetan jarri da. 2006an estatu-mailan sorturiko elkartea da, egun aktiboan ez dagoena eta hiriarekin inongo loturarik ez duena.

 

Horregatik, EH Bilduk Udaltzaingoari emango zaion formakuntza hiriko LGTB+ kolektiboarekin era bateratuan lantzeko eskatuko die Herritarren Segurtasuna eta Berditasun sailei.