AKTUALITATEA


| 2025-10-12 17:24:00
1. Euskal Herria Bilduk gaitzesten du gaur Falangek Gasteizen egin duen kontzentrazio faxista, baimenik sekula jaso behar ez zuen elkarretaratzea, bai eta horren ondorioz gertatu diren istiluak. EH Bilduren eskuetan egongo balitz, faxistak ez lirateke inoiz geure kaleetatik inpunitatez paseatuko euren ideologia eta sinbolo erabat antidemokratikoekin. 2. Herrialde honetan konbikzio antifaxista eta antifrankista irmoak ditugu, eta, noski, faxismoa geldiarazi behar dugu. Baina erantzunak gehiengo zabalak eta mobilizazio masiboak egituratu behar ditu; faxisten probokazioa elikatzea eragotzi behar da, azkenean, ondorioak herritarrek, hiriko saltokiek eta ostalaritzak ordaindu ez ditzaten. Izan ere, hirian bestelako deialdi batzuk egin dira argi uzteko Falangek hemen sortzen duen herri gaitzespena, euren probokazioetan erori gabe. 3. Geroz eta kezkagarriagoa da nola diskurtso batzuk normalizatzen eta bultzatzen ari diren orain arte onartezinak ziren eskuin muturreko posizioak, Gasteizen posizio horien ordezkari gorena PP izanik. Olatu erreakzionario horren aurrean gehiengoa batzen duten adostasunak ehundu eta zabaldu behar ditugu, eta aurrera egiten jarraitu behar dugu eskuin muturrak geure bizitza eta geure kaleak baldintzatzeko aukerarik izan ez dezan. 4. Azkenik, atxilotu guztiak aske izatea eskatzen dugu, eta zauritutako pertsonei ahalik eta azkarren senda daitezela opa dugu.