Udal-gobernuak EH Bildurekin hitzartu duen aurrekontu-akordioari esker aurrera eramango dute ekimena eta 200.000 euroko kontu-saila du.
Vitoria-Gasteizko Udalak programa berritzaile bat bultzatuko du hiriko merkataritzaren sektorean belaunaldien arteko erreleboa errazteko, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maria Nanclaresek eta Udaleko EH Bilduren bozeramaile Rocío Viterok gaur goizean egindako prentsaurrekoan iragarri dutenez.
Ekimen honen lehentasunezko helburua Arabako hiriburuko enpresa komertzialen transmisioa modu planifikatu eta eraginkorrean erraztea da eta Udal Gobernuak EH Bildurekin adostutako aurrekontu-akordioari esker bideratu da. 200.000 euro izango ditu ekimenak.
«Programa berri honen bidez, funtzionamendu betean dauden negozioen jarraipena sustatuko dugu enpresen artean, enpresak desagertzea eta, horren ondorioz, lanpostuak galtzea saihesteko. Era berean, gure hiriko merkataritzaren sektorean ezarri nahi duten pertsonen ekintzailetza erraztuko dugu», nabarmendu du Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak.
Bestalde, Rocío Vitero EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, «Gasteizko merkataritza esku onetan dago gaur egun, sektoreko langileek profil esperientziaduna dutelako, haien batez besteko antzinatasuna 23 urtekoa baita, baina epe laburrera begirako etorkizunak kezka sortzen digu; izan ere, merkatarien % 30ek baino gehiagok 54 urte baino gehiago ditu, eta % 18k bakarrik ditu 34 urte baino gutxiago sektore horretan. Datuek erakusten dute belaunaldien arteko erreleboa erraztuko duten politikak sustatu beharra dagoela».
Faseak
Belaunaldien arteko Erreleboko Plana hainbat fasetan garatuko da: merkataritzak udalerrian egun duen egoera aztertzea, diagnostikoa egitea, beste esperientzia batzuk aztertzea eta, azkenik, ekintza-plana ezartzea (merkatarientzako zuzeneko laguntzak jasoko lituzke horrek).
Horretarako, taldeak erakundeen laguntza behar duten merkataritzaren faseak aztertuko ditu, erreleborik izango ez duten enpresak identifikatuko ditu, eta saltoki horien ardura beren gain hartzeko ahalmena duten pertsonen bilaketa aktiboa egingo du.