AKTUALITATEA


| 2025-10-02 08:39:00

Vitoria-Gasteizek bigarren urtez aktibatu du autokontsumo kolektiboko erregimenean energia-komunitateak eratzeko eta kudeatzeko gastuak eta iaz abian jarritako eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioetako inbertsioak estaltzeko dirulaguntzen lerroa.

 

Herritarren erantzun onaren eta onarpen handiaren ondorioz, ekitaldi honetarako partida % 14,28 handitu da, 700.000 euroraino iritsiz, eta, gainera, energia berriztagarrien aldeko apustuarekin egindako laguntza zabaldu egin da, aerotermia, geotermia, hidrotermia, mini-eolika, mini-hidraulika eta bionenergia berriztagarriko proiektuen idazketa eta inbertsioak ere diruz lagun daitezkeelako.

 

Mugikortasun jasangarria eta partekatua ere azpimarratu da, Zero Emisio etiketa duten ibilgailu motordunak erosteko dirulaguntzak emanez (elektriko hutsak, 40 kilometrotik gorako autonomia edo erregai-pila duten hibrido entxufagarriak), bai eta bizikletak eta patinete elektrikoak erosteko ere, gutxienez 15 kide dituzten komunitate energetikoek modu komunitarioan erabiltzeko zerbitzu partekatuetarako.

 

700.000 euroko laguntza horiek EH Bilduren, PSEren eta EAJren artean lortutako aurrekontu-akordioaren parte dira, eta energia berriztagarrien bidez Gasteizen trantsizio energetikoa bultzatzea dute helburu.

 

"Energia-komunitateak funtsezko tresna bihurtu dira egungo energia-sistemaren ordez energia berriztagarriak nagusi diren beste bat jartzeko. Jarduera-ildo horretan, Gasteizko Udala energia komunitarioko proiektuak bultzatzen ari da”. Borja Rodríguez Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Ingurumenaren zinegotziak zehaztu duenez, “deialdi berri honek % 14ko igoera du, 700.000 euroko aurrekontura iritsi arte. Gainera, lehentasuna auzo zaurgarrienek izaten jarraituko dute eta diruz lagun daitezkeen kontzeptuak aerotermia, geotermia edo hidrotermia bezalako beste energia batzuetara zabalduko ditu.

 

 

 

 

 

“EH Bilduren ekimenez, Gasteiz da energia-komunitateak sortzen gehien inbertitzen duen euskal udalerria. Eta argi dugu energia-komunitateek izan behar dutela trantsizio energetikoaren oinarria. Bai teilatuak energia ekoizteko baliatzen dituztelako, bai energia-ekoizpenaren demokratizazioan eta herritarren ahalduntzean aurrerapausoak ematea ahalbidetzen dutelako. Horregatik, lehenengo deialdiaren arrakasta ikusita, bigarren deialdi bat jarri dugu martxan, zuzkidura ekonomiko handiagoarekin eta herritar gehiagorengana iristeko helburuarekin. Gainera, diruz lagundu daitezkeen kontzeptu berriak sartu dira energia-komunitateen kontzeptua zabaltzeko, beste iturri berriztagarri batzuk dituzten energia-sorkuntzako instalazioekin eta mugikortasun jasangarrian eta partekatuan inbertsioak eginez", azaldu du Xabi Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak.

 

Deialdiaren oinarriak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, 2026ko martxoaren 30era arte egongo da zabalik eskaerak aurkezteko epea.

 

Aurreko dirulaguntza-lerroan bezalaxe, dirulaguntzen zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 70 eta % 80 artekoa izango da. Ibilgailuak erosiz gero, inbertsioaren % 50 estaliko da, ibilgailu bakoitzeko gehienez 20.000 euroko mugarekin.

 

Hamar bat energia-komunitate

 

Joan den ekitaldiko 600.000 euroko partida-lerroari esker, 453 bazkide (444 pertsona, 8 jarduera ekonomiko, jabeen elkarte bat) biltzen dituzten hamar bat energia-komunitateren sorrera finantzatu ahal izan zen.

Hainbat auzotan banatuta daude komunitateak: Goikolarra, Zaramaga, Salburua, Zabalgana, Ariznabarra, Arriaga-Lakua eta bi Txagorritxun. Gainera, Gamarra Nagusia eta Mendoza kontzejuetara ere iritsi dira.

Hamar energia-komunitate horiek sortu izanak 1.895 plaka fotovoltaiko instalatzea ekarri du; hau da, beste nolabait esanda, 2 hektareako azalera. Horrek guztiak 969 kW-ko potentzia sortzen du, urtean 962.000 kWh baino gehiagoko ekoizpena dutenak.