AKTUALITATEA


| 2026-05-26 08:25:00

Tokiko Gobernu Batzordeak ostiral honetan onartuko du Hedegile kaleko 40an dagoen lokalaren errentamendu-kontratua sinatzea Alkimia Korre 40 enpresarekin. Espazio hori Gasteizko ‘Enpresen hazitegi komertzialean’ integratuta dago, eta Udal Gobernu Taldearen eta EH Bilduren arteko 2025eko aurrekontu-akordioari esker posible den Udalaren proiektua da.

Alkimia Korre 40 solteko garbiketa eta higiene pertsonaleko produktu likidoak merkaturatzen espezializatuta dagoen saltoki ekologikoa da. Gainera, kosmetika naturala eta berrerabil daitezkeen gaiak ere saltzen ditu.

Inmaculada Criado sustatzailearen helburua da herritarrak ohitura arduratsuak hartzera bultzatzea eta heztea, substantzia toxikorik gabeko etxeak sortzea sustatuz eta ingurumena gehiago errespetatzen duen bizimodu osasungarria bultzatuz. Gainera, tailerrak egin eta bezeroekin zuzeneko komunikazioa garatu nahi du. Artisau-lana baloratzen duen eta pertsonak erdigunean jartzen dituen ekonomia zirkularraren aldeko apustua da.

EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek adierazi duenez, “Alde Zaharra bizitzaz bete nahi dugu, bertako auzokideentzat auzo bizigarria izan dadin eta merkataritzarako eta ekintzailetzarako aukerak izan ditzan. Horregatik, EH Bilduk, aurrekontu akordioaren barruan, sektore ekonomikoari zuzenean laguntzen dioten neurriak abian jarri ditu. Hala, Hedagile kaleko 38. zenbakian dagoen haztegi-komertzialaren ondoan, 40.ean ere jarduera komertziala egongo dela iragarri nahi dugu, produktu ekologikoei eta ekonomia zirkularraren aldeko apustuari lotutakoa gainera. Azken finean, Gasteizek tokiko ekintzailetzaren alde egin behar du, eta hau da bidea, lokalak eskainiz eta negozioaren lehen urratsetan alokairuaren zama arinduz”.

“Aste batzuk barru, negozio berri horrek pertsiana altxatuko du gure hiriko Alde Zaharrean, bertako kaleei bizia emanez eta gasteiztarrei jasangarritasunean oinarritutako produktuen sorta eskainiz. Zalantzarik gabe, hori guztia sustatzen du Udalak. Establezimendu hori, etikoa eta kontzientea, emakume batek gidatzen du, eta horrek erakusten du emakumeen ekintzailetza gero eta handiagoa dela tokiko sare ekonomikoan”, azpimarratu du Vitoria-Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak.

Diruz lagundutako alokairua

Saltoki berri horretan gehienez 5 urtez egon ahal izango da, eta lehen 3 urteetan alokairuaren % 50eko laguntza jasoko du. Era berean, enpresak profesionalizatzen eta sendotzen laguntzeko jarduera-agenda izan dezake.

Gasteizko ‘Enpresen hazitegi komertzialak’ lokal hori eta haren ondoan, Hedegile kaleko 38an, dagoen beste bat biltzen ditu. Hain zuzen ere, toki horretan ireki zuten otsailean Alma y Vino ardotegia.

Ekimen horri esker, Udalak negozio-ideia komertzial berriak martxan jartzen laguntzen du, autoenplegua sustatzen du eta ekintzaileei beren negozio-ideia bideragarria den egiaztatzen lagunduko die, merkataritza-lokal bat epe luzera begira erosi edo alokatu behar izan gabe.