AKTUALITATEA


| 2026-05-14 10:12:00

Tokiko Gobernu Batzordeak bihar onartuko du nekazaritzako ekoizpen- eta banaketa-sektorean enplegua sortzea sustatzeko laguntza-lerroaren bigarren deialdia. Dirulaguntzen zenbatekoa 75.000 eurokoa da eta Udal Gobernuak EH Bildurekin 2026an lortutako akordioari esker bideratuko dira.

EH Bilduko zinegotzi Ekaitz Díaz de Garayok adierazi duenez, “laguntza horien bitartez, bultzada garrantzitsu bat ematen diogu tokiko lehen sektoreari, elikadura-subiranotasunari eta kalitatezko enplegua sortzeari. Nekazaritza-sektorearekin dugun konpromisoa berresten dugu eta, gainera, 15.000 eurora arte handitzen dugu nekazaritza-lanetarako ekipamendua erosteko dirulaguntza. Aurrera egiten jarraitzen dugu, eta balioa ematen diogu Gasteizko lehen sektorearen funtsezko eginkizunari”.

“Aurten, berritasun gisa, nekazaritzako produkzioaren sektorean jarduten duten irabazi-asmorik gabeko elkarteei emango diegu laguntza horiek jasotzeko aukera”, iragarri du María Nanclares Sustapen Ekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak. “Gainera, inbertsioetarako gehieneko laguntza 9.000 eurotik 15.000 eurora igoko dugu. Horrela, nekazaritzako enpresek eta elkarteek 24.000 euro lortu ahal izango dituzte 2026an”, gaineratu du.

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 9.000 eurorainoko dirulaguntza emango du nekazaritzako jarduerak egiten dituzten Vitoria-Gasteizko lantokietan pertsonak kontratatzeko, gutxienez 3 hilabeterako, eta diruz lagunduko dira 2025eko abenduaren 16tik 2026ko ekainaren 30era bitartean sinatzen diren kontratuak (bi egunak barne).

Lehentasuna izango dute beren jarduera eredu ekologikoaren arabera garatzen duten enpresek, eta gehienez ere enpresa bakoitzeko 3 kontratuk jasoko dute dirulaguntza.

Inbertsioak

Era berean, Udalak 15.000 eurorainoko dirulaguntzak emango dizkie produkzio ekologikoaren ereduaren arabera lan egiten duten enpresei edo, halakorik ezean, ohiko ereduaren arabera lan egiten duten, baina eredu ekologikorako birmoldaketa-prozesua hasi duten enpresei, besteak beste, makinak eta lursailak erosteko, instalazioak gaitzeko, aholkularitza jasotzeko, ikerketa-proiektuak egiteko edo digitalizaziorako.

Diruz lagun daitezkeen gastuak 2025eko abenduaren 16tik 2026ko irailaren 15era bitartean egindakoak izango dira.

Itzuli beharrik gabeko eta konkurrentzia sinpleko dirulaguntza horiek bateragarriak izango dira beste laguntza batzuekin.

Eskaerak aurkezteko epea ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko irailaren 15ean amaitu. Eskaerak Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez zein Udalaren Bulego Teknikoetan eta gizarte-etxeen sareko Herritarrei Arreta emateko Bulegoetan aurkeztu ahal izango dira.