AKTUALITATEA


| 2021-07-27 11:10:00

EH Bilduk Gorka Urtaran alkatearen agerraldia eskatu du Udalbatzako Idazkari Nagusiaren txostenak dituen ondorioak azal ditzan. Txostenak EH Bilduko Bozeramaileak eskatu zuen eta EH Bilduren esanetan, gainera, argitu egin behar da zer irtenbide hartu behar duen alkatetzak hiriko hirigintza-erronkei aurre egiteko. Izan ere, txosten horretan egiaztatu denez, izendatu berri den Lurralde eta Klimaren aurkako Ekintza Saileko zuzendariak ezin du botoa eman behar, eta, horrez gain, ezin du inolako jarduera garrantzitsurik egin behar interes-gatazka eragiten duten prozedura guztietan. Maiatzaren 7an alkateak Almudena Sánchez izendatu zuen sail horretako zuzendari, baina pertsona hori ordura arte eta azken bi hamarkadetan Zadure S.A. enpresaren gerentea izan da. Enpresa horrek hiria zabaltzen ari den hainbat sektoretan interesak ditu.


 

Udal honen historian lehen aldiz, alkateak eraikuntza enpresa batean ibilbide luzea egin duen pertsona batengana jo du Lurralde eta Klimaren aurkako Ekintza Saila zuzentzeko. Argi dago horrelako izendapen batek ondorioak dituela bere eguneroko jardueran, bere gaitasuna zalantzan eta mugatuta dagoelako eta hiriko hirigintza-tramitazio askotan baldintzatuta dagoelako”, adierazi du EH Bilduko Udal Taldearen bozeramaile Felix Gonzalezek. Azaldu duenez, departamentuko zuzendari izendatu eta gutxira Udalaren ordezkari izendatu zuten hirian zeuden 40 konpentsazio batzorde baino gehiagotan. Hala, lehen enpresa pribatu baten izenean parte hartzen zuen pertsona bera Gasteizko Udalaren ordezkari izatera pasatu da gauetik goizera konpentsazio batzorde horietan. Horien artean, Lasarteko legar-hobiak, Salburuan eta Zabalganan edo Armentiako 17. sektorea nabarmentzekoak dira dira. Azken sektore hori berraktibatu egin da ia 300 txalet eraikitzeko, nahiz eta Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriak desklasifikazioa aurreikusten duen.


 

Egoera horren aurrean, EH Bilduk txosten bat eskatu zion Gasteizko Udalbatzako Idazkaritza Nagusiari eta orain jaso duen txosten juridiko hori “argia eta irmoa” da. Hala, interes-gatazkak daudela zehazten du, gai horietan abstentzio-betebeharra betetzera eta errespetatzera behartuta dagoela argi uzten du eta abstentzio-arrazoi horiek orokorrak direla eta ez puntualak eta bi urtez luzatzen direla zehazten du. Horrez gain, ondorioztatzen du ez dela bakarrik ebazpenak emateari, txostenak egiteari edo botoa emateari uko egitea, baizik eta, ezin duela gutxieneko jarduera esanguratsurik egin. “Urtaran jaunak uste al du sailaren buru jarri duen pertsonak adibidez Hiru Antolamendu Plan Orokorra egiteko funtsezkoa den legealdi batean jarrai dezakeela hor?”, galdetu du Gonzalezek.


 

EH Bilduko bozeramaileak ziurtatu du Udal Gobernua irregulartasun horien gainean dagoela eta, horregatik, txosten juridikoa jaso baino egun bat lehenago, Gobernu Batzordeak Udalaren ordezkaria zen 40 konpentsazio-batzarretatik 16 saileko zuzendaria erretiratu zuela. “Erabaki horrekin adabaki bat jartzen da, baina ez da konpontzen Lurralde Departamentuan sortu duen kaosa, datozen urteetan hirigintza-erronka garrantzitsuei aurre egin behar die eta”, gaineratu du.