EH Bildu taldeak, inplikatutako eragileekin eta erakundeekin koordinatuta, gazteen artean STIak prebenitzeko kanpaina bat sustatzeko eskatu dio Gasteizko Udalari. Udal taldea kezkatuta agertu da sexu-transmisiozko infekzioen kopuruak gora egin duelako, bai maila orokorrean, bai maila partikularrean, Gasteizen. Hori dela eta, gazteei informazioa eta kanpainak hurbiltzeko «beharra» azaldu du.
Osakidetzak aurtengo apirilean argitaratutako 2023ko osasun publikoko zaintzaren emaitzen txostenaren arabera, sexu-transmisiozko infekzioen kasuak gero eta gehiago dira. Hainbat gizarte-eragilek eta erakunde publikok kanpainak eta ekimenak abian jartzeko ahalegina egin duten arren, ez da lortu STIen transmisioen kopurua murriztea. Gai honek EH Bildurentzat duen «garrantzi soziala» dela eta, beharrezkotzat jotzen dute gazteekin lan egiten duten erakunde guztietatik egoera horri heltzea.
Jon Molina zinegotziaren arabera, «Arazo horiei guztiei aurre egitea konplexua da, baina, zalantzarik gabe, hainbat diziplinen arteko lankidetza sustatu behar da, osasuna, eremu soziala, kulturala eta politikoa barne, sexu-osasunaren erronkei modu eraginkorragoan heltzeko. Beraz, erakundeen arteko lankidetza, gizarte-sarearen inplikazioa eta herritarren kontzientziazioa behar dira».
Horrela, EH Bildutik, Udalaren esku dauden baliabide guztiak erabiliz, azken hilabeteotan ikusten ari garen hainbat erakunde publiko zein pribatutatik informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak sustatzeko beharra areagotzen dute.