Gasteizko 150 emakume eta sexu eta genero disidente baino gehiago bildu dira gaur Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiari eta bere aldarrikapenari, hiriko hurrengo alkatea feminista izan behar duelari, babesa adierazteko. «Gaur, plaza honetan biltzen garenok politika publiko feministak eskatzen ditugu. Ez da nahikoa Gasteizko alkatea emakumea izatea, feminista izan behar du! Euskal Herria Bilduren konpromisoa, orain eta hemen, pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen gobernantza feminista gauzatzea da», ziurtatu du hautagaiak, ehundik gora emakumek babestuta.
Era berean, Viterok nabarmendu du beharrezkoa dela zaintza-sistema eraldatzea, erakundeek zaintzaileen eta zainduen bizitzak duintzeko. Hala, honako hau adierazi du: «Zaintza-sistema eraldatuko dugu, bizitzarako funtsezkoak diren zaintza horiek ez daitezen soilik emakumeen gain erori. EH Bilduk zaintza sistema publiko, duin eta kalitatezkoaren aldeko apustua egin du. Izan ere, EH Bildun, Gasteiz duintasunez bizitzeko hiri bihurtu nahi dugu».
Hautagaiak adierazi duenez, «maiatzaren 28an gasteiztarrok asko dugu jokoan. Eta EH Bildutik irabaztera goaz. Ez gobernatze hutsagatik, baizik eta gauzak aldatu nahi ditugulako, etorkizun hobea eta bizimodu duina nahi dugulako Gasteizko pertsonentzat. Eskubideetan aurrera egin nahi dugu, bizi-kalitate handiago eta hobean aurrera egin nahi dugu».
Hala, EH Bilduko hautagaiak ziurtatu du Gasteizko alkatetza lortzen duenean zaintzetan inbertituko duela eta neurriak hartuko dituela ELZren publifikazioan aurrera egiteko, egoitzak zaintza-etxe bihurtzeko, zaintza-mahai bat bultzatzeko horien ikuspegi integrala eskaintzeko, zaintza-sare komunitarioak indartzeko, hirigintza feminista bultzatzeko eta kolektibo feministak politika publikoen parte izatea lortzeko. «Normaltasun patriarkaletik normaltasun feministara igaro behar dugu, egiturazko desberdintasunak atzean uzteko. Horregatik, EH Bilduk gobernatzen badu, oinarrizko eskubideak babestu eta zaintza-krisiari aurre egingo dioten politika publiko feministak bultzatuko ditugu. Gobernantza feminista bultzatuko dugu».
Horregatik, adierazi du EH Bilduk Gasteizko herritarrekin konpromisoak hartzeko arazorik ez duela. Are gutxiago, «zaharkitutako zaintza sistema oker bat aldatzeko, pertsonak ikusiko dituen zaintza sistema baten ordez, zaindu beharreko pertsonak eta pertsona zaintzaileak ikusiko dituena. Haien bizitzak duindu nahi ditugu, gure bizitzak duindu nahi ditugu».