AKTUALITATEA


| 2025-06-16 09:25:00

Legealdi honetako inbestidura saiotik bi urte iragan direnean, Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak legealdiaren lehen erdiaren balorazioa egin du. Ordezkariak balantze positiboa egin du eta adierazi duenez: «bi urte hauei pozik begiratzen diegu egindako lanagatik, baina konformismorik gabe. Gobernua osatzeko aukera ukatu eta bi urtera, EH Bildu da instituzioari egonkortasuna ematen diona eta Gasteizek aurrera egitea ahalbidetzen duena, interes orokorra eta herritarrena lehenesten duten akordio, ideia eta proiektuen bidez, eta eskuin erreakzionarioei bidea itxiz».


Ildo horretan, Viterok ziurtatu du EH Bilduk diskrezioz eta politika egiteko beste modu bat badagoela erakutsiz lan egiten duela, Gasteizko zein Arabako hiriburutik kanpo beste alderdi batzuek eragiten duten liskar giroaren eta politikaren izen txarraren aurrean:  «Etengabeko zarataren, liskarraren eta inguratzen gaituen eskuineko autoritarismoaren mehatxuaren aurrean, EH Bilduk herritarren interesak lehenetsi ditu beti. Elkarrizketarako eta akordioak negoziatzeko prest egon da, jendearen bizitza hobetzeko eta Udal hau tresna erabilgarri eta indartsuagoa izan dadin babes soziala, jarduera ekonomikoa eta enplegua, edota eraldaketa ekosoziala bultzatzeko, besteak beste».


Bozeramaileak ziurtatu du, gainera, ziurgabetasun garaian eta esparru sozioekonomikoan aldaketa handiak gertatzen ari diren garaiotan, geldirik egotea atzerantz joatea dela. «EH Bilduk, bai Gasteizen, lehen indar politiko gisa, bai gainerako erakundeetan, erantzukizunez lan egiten jarraituko du eraldaketa sozialaren alde».

 

Lan horretatik iritsi dira lehen bi udal-ikastureteetako aurrekontu akordioak. EH Bilduk bultzatutako proiektu berriak, neurri handi batean duela bi urte herritarrek gehien bozkatutako programan planteatutako neurriei erantzuten dietenak. Horien artean daude legealdi honetarako hitzartutako 4 milioi eurotik gorako inbertsioa udal etxebizitza parke propio baterako proiektuak abian jartzeko; 7 milioi euro baino gehiago adinekoen eta zaurgarrienen arreta hobetzera bideratzea; trantsizio ekosozialaren aldeko apustua, 10 energia-komunitate martxan jarriz, bizikletak alokatzeko zerbitzu bat emanez edo Araba Erdialdean Biosfera Erreserba bat sortzeko bultzadaz. Horrez gain, EH Bilduk bultzada bat lortu du sektore ekonomikoarentzat, jarduera eta enplegu gehiago sortuz, 23 proiektu komertzial berriren irekiera sustatuz, hazitegi komertzialak martxan jarriz, eta eraikuntza jasangarrirako eta lehen sektoreko enplegurako laguntzak emanez.


Gainera, EH Bilduk Euskararen Hiria eta Gazte Plaza bezalako ekitaldi berriak egutegian kokatzea lortu du, gure hizkuntzari, euskarari, eta gure gazteen sorkuntza- eta dinamizazio-proiektuei ematen dien garrantzia eta balioa nabarmenduz. Eta ildo horretan, memoriako elkarteen eskutik lanean ari da Martxoak 3ko 50. urteurrenak merezi duen garrantzia izan dezan.


Eta ez hori bakarrik, EH Bilduko bozeramailea ere pozik agertu da zergen, tasen eta prezio publikoen eguneratzea lortu duelako, Udalak kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko gaitasun ekonomiko handia lortu duelako eta inbertsioaren bidez aldaketarako palanka sendoa izan daitekeelako. «Diru-sarreren igoera hori sektore zaurgarrienak babesteko neurriekin konbinatu dugu, gehien duenak ekarpen handiagoa egin dezala bultzatuz». Horrela, koalizioak 50.000 pertsonak baino gehiagok jaso dituzte hobariak sartzea edo hobetzea lortu du. Hobari horietan OHZri lotutakoak nabarmentzen dira, behin betiko daturik ezean, 1,8 milioi euroko hobaria eman baita, aurreko urtean baino %15 gehiago.


Horrekin guztiarekin, Viterok ziurtatu du, orain arte bezala, lanean jarraituko dutela gizarte-babesa areagotzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko, bidezko trantsizio ekosoziala diseinatzeko eta bizilagun guztien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko. «Azken batean, gehiago egitea hobeto bizitzeko. Herritarrak beti gure lehentasunezko bazkide izanik, hori da Euskal Herria Bilduk Gasteizerako nahi duena».