AKTUALITATEA


| 2021-05-06 10:15:00

Pandemiak herritarren osasun mentalean izan duen eraginari buruzko ikerketa hiru hilabeteko epean egitea eskatuko du EH Bilduk datorren osoko bilkuran. Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko Gasteizko zinegotziak azpimarratu du "premiazkoa" dela neurriak hartzea COVID-19k osasun mentalean dituen ondorio kaltegarriak arintzeko. "Gazteak eta adinekoak izaten ari dira pandemia honetan kaltetuenak, hasieran pentsa genezakeena baino gehiago luzatzen ari baita. Benetako inpaktua ezagutu behar dugu, oraindik luzatuko den pandemia bati irtenbidea eman ahal izateko", adierazi du zinegotziak.


Gaur egungo pandemia biztanleriaren osasun mentalari eragiten ari zaio, eta horren ondoriozko sintomen prebalentzia handia hauteman da. Pandemian egindako Osasun Mentalari buruzko inkestan CISetik ateratako datu batzuek azken urtean sortutako egoera larria berresten dute: galdetutako 10 pertsonatik 6k diote depresio eta antsietate sintomak izan dituzte, %50ek neke-sentimendua edo energia gutxi izan dute, %68k maite duten pertsonaren bat hilko ote den beldurra sentitu dute eta ia %50ek lo-arazoak izan dituzte. Gainera, inkestak erakusten du antsiolitikoen, antidepresiboen eta lo-eragileen preskripzio medikoak areagotu egin direla. Arartekoak berak, 2020. urteari dagokion urteko txostenean, osasun mentaleko sarearen eskariaren igoeraz ohartarazi du.


Lopez de Aberasturik berak Osasun Batzordean egindako galdera baten ostean, EH Bilduk jakin izan du auzoka diagnostiko bat egiten ari direla Udaletik eta bertatik ateratako datuekin hirugarren Osasun Plana egingo dela. EH Bilduren ustez, plan hori egin aurretik, beharrezkoa da pandemiak herritarren osasun mentalean duen eraginari buruzko azterketa bat egitea. Izan ere, Osasun Planean ezartzen diren neurri soziosanitarioez gain, egungo egoerak premiazko azterlanak eskatzen ditu; izan ere, pandemia hasi zenetik, herritarren osasun mentala baldintzatzen duen faktore erabakigarri berri bat bihurtu da.