AKTUALITATEA


| 2022-05-03 10:20:00

Gasteizko Udalak 2010. urtean onartu zuen Zarataren eta Bibrazioen Aurkako Udal Ordenantzak, bigarren xedapen iragankorrean, ostalaritza-establezimenduetarako isolamendu akustikoari ekiteko modua jasotzen zuen. Xedapen horrek 12 urteko epea ezartzen zuen beharrezko aldaketak egiteko. Egia esan, 12 urte geroago, lokal gehienek ez dituzte egin araudiak eskatzen dituen intsonorizazio-lanak. Are gehiago, udalak berak ez daki gaur egun ostalaritzako lokal askoren benetako egoera zein den.

Epea luzea izan arren, hainbat arrazoik eragin dute 2022a amaitu baino lehen lokal guztiak intsonorizatzeko helburua ez lortzea. Adibidez, ordenantzak berak ezartzen zuen udalak «birmoldaketa Plan bat» egin beharko lukeela,
«Ostalaritzako establezimendu publikoen isolamendu akustikoa plan horretan ezartzen diren termino eta baldintzetan egokitzeko finantzaketa-lerro bat ezartzeko». Birmoldaketa-plan hori eta lokalak egokitzeko laguntzak ez ziren inoiz martxan jarri.

Egoera horretan, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela lokalak egokitzeko epea luzatzea, alternatiba izango litzatekeelako ostalaritzako lokal ugari ixtea edo behartutako birmoldaketa egitea. Hala ere, EH Bilduk ohartarazi du iraganeko akatsak errepikatzearen aurka dagoela. Am
ancay Villalba EH Bilduko zinegotziaren hitzetan, «Ez da nahikoa soilik data aldatzea eta urte gehiago ematea. Planteamendu errealista bat behar da, ordenantzaren helburua benetan bete ahal izateko. Epea luzatu egin behar da laguntza ekonomikoekin eta bizilagunen komunitateentzako betetze-bermeekin».


EH Bilduren ustez, halaber, ostalaritzako lokalek laguntza ekonomikoak izango dituzten bezala, antzeko ildoak jarri behar dira martxan, eraikin batzuek duten intsonorizazio arloko gabeziak konpontzeko. «Lokalen egokitzapena testuinguru zabalago batean eman behar dira, hau da, zarataren aurkako borrokan eta udalerriko kalitate akustikoaren hobekuntzan; udal honek proaktiboa izan behar du, eta neurriak jarri».

Bestalde, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela neurri administratiboak hartzea, etorkizunean epemugarik ez errepikatzeko.
«Ordenantzak dioena bete nahi bada, ehunka lokalek obrak egin beharko dituzte epe nahiko laburrean. Oztopo burokratikoek edo eskaerak ebazteko moteltasunak ostalaritza berriro muturreko egoera baten aurrean jartzea saihestu egin behar da . Era berean, aurreikusitako obren aurrean gerta daitezkeen egoerak ahalik eta gehien argitu eta mugatu behar dira», azaldu du Villalbak.