AKTUALITATEA


| 2021-06-21 09:09:00

TUVISAren Administrazio Kontseiluaren hurrengo bileran, EH Bilduk Gautxori gaueko zerbitzua asteburuetan eta jaiegun bezperetan pandemiaren aurreko baldintzetan berehala martxan jartzea eskatuko du, ibilbideari dagokionez. Ordutegiei dagokienez, Felix Gonzalez EH Bilduko bozeramaile eta TUVISAko kontseilariak esan du horiek osasun agintariek ostalaritzako itxieren inguruan ezartzen dituzten irizpideetara egokitzen joan beharko direla. «Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ordutegiak dekretu berrietara egokitu behar dira, zerbitzua ostalaritzako itxiera ordutegia baino zertxobait gehiago luzatu behar dela ulertuta», adierazi du Gonzalezek.


EH Bilduk, beraz, proposamena Administrazio Kontseiluaren hurrengo bilerarako gehitzea eskatuko du. EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duenez, «TUVISA zerbitzua herritarren eskarira egokitu behar da, betiere osasun agintariek ezarritako irizpideak errespetatuz. Horrela, uste dugu Gautxori gaueko zerbitzuaren ibilbidea pandemiaren aurreko baldintza berberetan jarri behar dela martxan, eta ordutegia ostalaritza ixteko ordutegira egokitu behar dela».