AKTUALITATEA


| 2019-07-05 11:13:00

EH Bilduk ezagutzera eman ditu gaur udal taldeak Gasteizko Udaleko legealdi berrian defendatuko dituen lehen ekinaldi politikoak. Hain zuzen ere, koalizioak iragarri du hiru mozio aurkeztuko dituela lehenbiziko ohiko udalbatzan, heldu den uztailaren 19an, mugikortasuna eta klima aldaketa hizpide hartuta. EH Bilduko udal bozeramaileak, Miren Larrionek, gogoratu du hauteskunde kanpainan defendatu zituen ardatzetako bi izan zirela: «Udal gobernuak bere lan ildoak irail arte jakinaraziko ez dituen arren, uste dugu beharrezkoa dela lehen momentutik ekinaldi adierazgarriak jartzea martxan herritarrei begira, eta hori izango da EH Bilduren lehentasuna».

Larrionek agerraldia egin du Amancay Villalba eta Felix Gonzalez zinegotziekin batera. Villalbak proposamena aurkeztu du Gasteizko Udalak larrialdi klimatikoaren egoera deitzen aintzindaria izan dadin, honezkero koalizioak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen mozioari jarraituz. EH Bilduren ustez, beharrezkoa da urtebete baino lehenago Klima Aldaketaren Aurkako Borroka Plana berrikustea, eta dokumentu berrian helburu gisa finkatzea karbono isurketetan neutroa izango den hiria lortzea. Era berean, hiru hilabeteko epean udalean lan talde bat eratzea nahi du, larrialdi klimatikoaren arazoari heltzeko.

«Karbonoan neutroa den Gasteiz baterako bidea ahalik eta azkarren egin behar dugu, eta helburua lortzeko tresna ahalik eta eraginkorrenak izan behar ditugu eskura. Ez da nahikoa Ingurumen departamentuari izena aldatzea eta horren ordez Klimaren aldeko Ekintza deitzea. Politika handinahitsuekin arazoari heltzeko unea da, klima aldaketaren aurkako borrokan benetako Green Capital aitzindaria izan gaitezen», zehaztu du Villalbak.

Mugikortasunari dagokionez, EH Bilduren udal taldeak bi mozio aurkeztuko ditu, trenaren lurperatzeari eta hiriko ekialdea eta mendebaldea garraio publiko bidez lotzeko moduari buruz. Espainiako Sustapen Ministerioak lurperatzeari buruzko azterlan informatiboa bukatu duela iragarri ondotik, koalizioak proposatuko du lurperatzea aztertzeko udal lantaldea berreskuratzea, legealdi amaierarekin batera bertan behera geratu ondoren. «Lantalde honek, EH Bilduk eskatuta osatu zenak, izan behar du proiektuari buruzko berritasun guztiak azaltzeko eta partekatzeko udal espazioa. Talde guztiek informazio ofizialerako sarbidea izan dezaten organo egokia da», argudiatu du Gonzalezek.

Hirugarren eta azken mozioaren bidez, proposatuko da hiriaren ekialdea eta mendebaldea, Salburua eta Zabalgana, lotuko duen garraiobidea aukeratzeko galdeketa herritarra antolatzea: tranbia edo autobus elektriko adimenduna. «Biak dira hirian martxan egongo diren garraioak. Biek dituzte abantailak eta eragozpenak. Erabaki estrategikoa da, eta aukera ezin hobea da hiritarrei ahotsa emateko zein nahiago duten erabaki dezaten, informatutako eztabaida baten ondoren. Hirian inoiz egin den lehen galdeketa litzateke, gainera, eta aurrerapausu oso nabarmena litzateke parte-hartzean», azpimarratu du Gonzalezek.

Azkenik, Larrionek gaitzetsi du udal gobernuaren asmoa dela batzordeen saioak irail arte ez abiatzea, atzoz geroztik ofizialki martxan badaude ere. «Bistan da hiria ez dela gelditu, hauteskunde sasoia izanagatik, eta udal arduradun berriei galdetu eta azapenak eskatu nahi dizkiegun hainbat gai baditugu honezkero esku artean».