AKTUALITATEA


| 2020-06-25 12:55:00

Hiriaren Egoeraren Eztabaidaren lehen saioaren ostean, EH Bilduk uste du onartezina dela Urtaranek iraganeko proiektuak berri gisa saldu izana eta, are larriagoa, bere diskurtsoa egungo krisian eta horri eta etorkizunean eman daitezkeen broteei erantzuteko neurrietan zentratu ez izana. Miren Larrion EH Bilduko bozeramailearen esanetan, "Urtaranek krisiari eman beharreko erantzuna hiriaren lehentasun gisa baztertu du, eta dagoeneko gauzatuta edo, gutxienez, bideratuta egon beharko luketen proiektuen salmentan oinarritu du bere diskurtsoa. Bere diskurtsoak ez dio krisi egoerari erantzunik ematen eta agortutako eredu batekin bat dator".

Lehen saio honetan Urtaran ez da gai izan lasaitasuna eta konfiantza transmititzeko, eta udal honetan ezagutzen den murrizketarik handiena aplikatzen jarraitzeko asmoa azaldu du. "Orain dela 20 urte bezala, dena aldaketarik gabe mantentzeak dakartzan arazoen jakitun da, baita egin nahi dituen murrizketek Gasteizen duten eraginarena ere", esan du Larrionek.

Gobernuaren erreakzioak berandu iritsi dira eta aldebakartasunez jokatu du. Ekonomia, merkataritza eta ostalaritza suspertzeaz hitz egiten du, eta, hala ere, duela hilabete eskas, Gasteizen deseskalatze-prozesuan kaosak eta ziurgabetasunak gobernatzen zuten, EAJ eta PSE -bere bazkide akritikoa- ez baitzituzten komertzioak irekitzeko terminoak zehaztu. Baina Urtaranek autokonplazentziazko diskurtsoa izan du gaur, eta hori ez dator bat azken hilabeteetan gizarteak bizi izan duenarekin.

Pandemia osoan zehar, EH Bilduk proposamenak egin ditu eta Gobernuari eskaini dizkio honek aplika zitzan. EH Bilduk ildo beretik jarraituko du, eta bihar, eztabaidaren bigarren saioan, Gasteiz hobeto egoteko irtenbide positibo bat dagoela planteatuko du, politika inklusiboen eta printzipio etiko sendoen eskutik datorrena, eta politika berritzaileak eta eraldatzaileak eskatzen dituena.