AKTUALITATEA


| 2023-02-25 12:24:00

EH Bilduk erakundeei eskatu die martxoaren 3ko memoriala sortzeko prozesua azkartzeko, biktimen borondatea errespetatzeko, hitzartutakoa betetzeko eta martxoaren 3ko biktimen parte-hartzea bermatzeko Asisko San Frantzisko elizak hartuko duen memoriarako gune horren sorreraren prozesu osoan. Martxoak 3 elkarteak antolatzen duen bisita gidatua egin ondoren esan du hori. Rocio Vitero eta Eva López de Arroyabe (Gasteizko alkategaiak eta Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagai, hurrenez hurren), Mertxe Aizpurua eta Iñaki Ruiz de Pinedo (EH Bilduren ordezkariak Madrilgo Kongresuan) eta Félix Gonzalez (EH Bilduren zinegotzia Gasteizko Udalean) izan dira aipatutako bisitan.


Rocio Viterok esan du bisitaldiak “txundituta” uzten duela, eta Martxoak 3 zoriondu du azken hamarkadetan martxoaren 3ko memoria bizirik mantentzeko egin duen lanagatik. Era berean, gogorarazi du 2011n EH Bilduk bere hauteskunde-programan sartu zuela gune horretan memoriarako gune bat sortzea, eta 2015eko eta 2016ko aurrekontu-negoziazioetan bi partida sartu zituela gune horren diseinuan aurrera egiteko. “Hala ere, EAJk erabateko utzikeria erakutsi zuen proiektu horretan aurrera egiteko orduan”, gaineratu du.


Bestalde, EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea Mertxe Aizpuruak gogorarazi du Madrilgo aurrekontuetan 600.000 euroko partida dagoela eraikina birgaitzeko. “Eraikina osorik bisitatzerik izan ez dugun arren, ikusten dira arazo larriak teilatuan, hezetasunak, eta besteak beste ez du betetzen irisgarritasunari buruzko legea”, zehaztu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak azterketa arkitektoniko bat enkargatu zuen iaz, eta ondorioztatu zuen 1,2 eta 1,5 milioi euro arteko inbertsioa egin behar zela.


“Fundazioa eratzeko pausuak ematen diren bitartean, lurren titulartasunari irtenbidea bilatzen dioten bitartean eta diseinuan aurrera egiten den bitartean, partida honek lanak bizkortzeko eta eraikin honen egiturazko kalteak konpontzeko balio behar duela espero dugu”, azaldu du Aizpuruak.