Gasteizko EH Bilduko alkategaiak, Miren Larrionek, gogoratu du gaur koalizioak legealdi osoan lan egin duela udaletik etxebizitza politika publiko bat bultzatzeko , baina udal gobernuaren bultzada eta interes faltak ezinezko egin du: «Hasieratik sustatu izan genuen akordio bat alokairurako udal etxebizitza parke bat sortzeko, baina ez da sekula garatu. Bien bitartean, Iruñean aldaketaren gobernua bai izan da gai abian jartzeko hemen Urtaranek egin nahi izan ez duena».
Larrionen konpromisoa da neurriari berriro heltzea hurrengo legealdian. Kontuan hartuta Gasteizen 11.000 etxebizitza hutsik daudela, eta 6.000 elkarbizitza unitatek alokairu sozialeko etxebizitza bat eskatzen ari direla, koalizioak uste du udalak lagundu egin behar duela etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzen.
Parke honetan sartuko lirateke erabilerarik ez duten udal etxebizitza guztiak, eta baita ere bestelako erakunde publikoek edo norbanakoek utz ditzaketen etxebizitzak. «Hiritar guztien alojamendu beharra asetzeak izan behar du etxebizitza politika publikoen azken helburua, eta uste dugu alokairu soziala dela erakundeek horren alde egiteko daukaten tresnarik egokiena», defendatu du Larrionek.
Alokairu parkearekin batera, zaharberritzea indartuko du EH Bilduk, hala banan banako etxebizitzena nola zonalde eta auzo osoena. Espazio publikoa berreskuratzeak lagun dezake baita ere alokairuan dauden etxebizitzen hiriko eskaintza handitzen.
Era berean, EH Bilduk beharrezkotzat jo du hirian etxebizitza eredu berriak bultzatzea, bereziki bi kolektibo handiei zuzenduta: familiaren etxebizitzatik emantzipatzeko adinean dauden gazteak, eta adinekoak.
Hain zuzen ere, gazteentzako bizileku komunitarioak dira, eta zuzkidura alojamenduak adinekoentzako. Larrionek proposatu du bi proiektu pilotu martxan jartzea hirian bi eredu hauek probatzeko, Auzoan bizi izenarekin. Gazteei dagokionean, banakako logelak eta zerbitzu komunak bateratzea da asmoa. Proiektu pilotua Hedegile kaleko 127. atariaren blokean kokatuko litzateke.
Adinekoei zuzendutako Auzoan bizi-ri dagokionez, proposamenak apartamentu autonomo txikiak eraikitzea aurreikusten du, zerbitzu komunekin osatuta. Lehen proiektu pilotu bat martxan jartzeko, koalizioak Fontetxa Gazteluko kalean dagoen orube bat erabiltzea proposatu du, Ariznabarrako adinekoen zentroaren ondoan.
Azken astea
Hauteskunde kanpainaren bigarren eta azken astea martxan dagoenean, EH Bilduko alkategaiak mezu bat bidali nahi izan du maiatzaren 26ko hitzorduari begira: «Lehen indarra izan behar du EH Bilduk Gasteizen gobernu aurrerakoi eta ireki bt bermatu ahal izateko. Nahikoa da boto bat gehiago lortzea. Horregatik, pertsona guztien botoa ezinbestekoa da helburua lortzeko», azpimarratu du Larrionek.
Rocio Vitero: "Enpresa energetikoen tasa berria urrats berri bat da gehien dutenek zerga gehiago ordain ditzaten. Ez gaitu harritzen Red Eléctricak helegitea jarri izanak eta konpainia handiek euren estatusa mantendu nahi izanak, baina, horregatik zehazki, tasaren defentsan jarraitu behar da. Gasteizek herrialde osorako tasaren defentsaren eredu izan behar du".
Felix Gonzalez: "Gezurra da guk ez dugula eztabaidatu nahi izan, gezurra da ez dugula negoziatu nahi izan, izan ere, guk eskaini diogu akordioa gobernuari. EH Bilduren ustez, mugikortasuna funtsezko elementua da, eta arlo honetan akordioak lortzeko beharraren alde egiten jarraitzen dugu".
Felix Gonzalez: "Udal gobernua prest badago bizikleta mugikortasunean eta segurtasunean inbertsioak egiteko bide orri bat adosteko eta '30 Hiria' martxan jartzeko, ordenantzaren tramitazioan urratsak eman ahal izango ditugu. Urtaranen esku dago zuzentzea eta akordioak lortzea"
Felix Gonzalez: "Aldaketa generikoek edukiz husten dute Plan Orokorra, eta Gasteizko hirigintza antolamendurako tresnak eta aukerak kentzen dituzte. Kezkagarria da EAJk eta PSEk egungo HAPOa ahultzeko duten joera, honen eguneratzea behin eta berriz atzeratzen den bitartean".