AKTUALITATEA


| 2019-05-16 20:00:00

EH Bilduk ekitaldia egingo du gaur arratsaldean Salburuko auzoan. Aurretik, koalizioko alkategaiak, Miren Larrionek, gaitzetsi du legealdi honetan hala Salburuak nola Zabalganak jasan duten ahanztura, eta ziurtatu du asmoa baduela bi auzoetan ekipamenduak eta zerbitzuak hobetzeko behar diren inbertsioei heltzeko. «Pertsona guztientzako eskubide guztiak dituen hiria nahi dugu, eta horrek esan nahi du baita ere ezin dela egon lehen eta bigarren mailako auzorik, zoritxarrez azken aldian gertatu den bezala», azaldu du Larrionek

Egoera horren adibiderik garbiena EAJk eta PPk babestu duten trena lurperatzeko akordioarekin gertatzen da, Salburua eta Zabalgana osorik, 40.000 auzotar, proiektutik kanpo utzi dituen ituna. Hautagaiak ohartarazi du erabaki horren ondorioa zein izango den bi auzoentzako: «2012ko proiektuak aurreikusten zuen bi auzo horietan trenbideak desagertuko zirela lurrazaletik. Orain, itunetik atera dituzte. Ez baditugu sartzen, lurperatzeari nola batu argituko duen proposamen garbi baten bidez, berriro ere aukera bat ireki arte hamarkadak igaro daitezke». Auzotarrek argi utzi dute euren apustua badela gaur egungo trenbidearen zauria ixtea.

Bi auzoetan behin eta berriro entzun dira kexak ahanzturagatik eta ekipamendu faltagatik. Besteak beste, Salburuan Errekabarri ikastetxea martxan jartzeko atzerapen ugari egon dira, familiei agindutako epemugak errespetatu gabe. Bigarren hezkuntza ikastetxe bat martxan jartzeko proiektua, auzoko gehiengo baten eskaera, ez da hasi ere egin.

Bi auzoetan, baina bereziki Zabalganan, trafikoak eragindako segurtasun falta eta istripuak arazo larria izan dira azken urteotan. Larrionek aurreratu du bere borondatea dela auzotarren eskaerei berehalako erantzuna ematea, trafikoa baretzeko neurriei dagokionean.

Azkenik, alkategaiak azpimarratu du bere konpromisoa dela hiriko ekialdea eta mendebaldea, Salburutik Zabalganara eta Jundizera, lotuko dituen garraio sistema publiko, moderno eta edukiera handikoa eraikitzeko, eta gogoratu du koalizioaren proposamena dela Gasteizko auzotarrei erabakitzeko aukera ematea autobus elektriko adimenduaren eta tranbiaren artean, hirian inoiz egingo zatekeen lehenbiziko galdeketa hiritarrean.