AKTUALITATEA


| 2019-05-18 14:05:00

EH Bilduko alkategaiak, Miren Larrionek, ekitaldi txiki batean parte-hartu du gaur hiriko hainbat gazterekin, Xabi Ruiz de Larramendi zerrendako zazpigarren hautagaiarekin batera. Larrionek bermatu du lan egingo duela «iraganeko belaunaldiek aurrera egiteko izan zituzten aukera berdinak bermatzeko gaur egungo hiriko gazteei».

Alkategaiak azpimarratu du etorkizun bat lortzeko gazteak egiten ari diren ahalegina: «Belaunaldi prestatuena dugu, eta gehiegitan ez diegu eskerrak eman, eta ez diegu baliorik eman». Baina belaunaldi oso bati behartu zaio gurasoen etxean egotera ia 30 urte bete arte, eta eskaintzen zaien enpleguak oso baldintza prekarioak ditu.

Industria indartzea, alokairuko etxebizitza eta komunitarioa eskaintzea, eta klima aldaketaren aurkako borrokari transtzio energetikoaren bidez irmo aurre egitea dira EH Bilduk gazteen beharrei buelta emateko planteatzen dituen elementuetako hiru. «Bermatu behar zaie enplegu duina, baldintza egokiekin eta segurua, etxebizitza bat izateko aukera, eta hemen eta orain trantsizio energetikoari heltzea, planeta ahalik eta baldintzarik egokienak izan ditzan», bukatu du Larrionek.

Bestalde, Ruiz de Larramendik salatu du «elite ekonomiko eta politikoek» saltzen dutela «gazteria sumiso eta pasibo baten irudia». EH Bilduko hautagaiaren aburuz, irudi faltsua da, eta ez dator bat euren auzoetan, prekarietarean aurka edo ikastetxeetan gogotsu lan egiten ari diren gazteen benetako egoerarekin.

Ruiz de Larramendik uste du haizeak alde jotzen duela orain, eta aukera handiak daudela Gasteizen aurrera egiteko. «Orain dugu aukera. Maiatzaren 26an argi geratuko da noren alde dagoen gazteria aktiboena eta politizatuena, boto gazte eta errebeldea EH Bildurena delako», argudiatu du.