AKTUALITATEA


| 2019-05-20 20:00:00

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko alkategaiak, politika LGTBI eta feministei buruzko ekitaldi batean parte hartu du gaur, Santa Barbara plazan. Alkategaiarekin batera egon dira Rocio Vitero, Amancay Villalba eta Alberto Porras ‘Titos’ hautagaiak. Yogurihna Borova artistaren ikuskizunak ere lekua izan du ekitaldian.

Larrionek argi utzi du bere asmoa badela esparru horiei eskaintzen zaien arreta handitzea: «Ikuspuntu feminista eta LGTBI bat izan behar dugu udal departamentu guztietan, era transbertsal batean, berdintasun zerbitzutik haratago».

Horren haritik, EH Bilduren apustua da udaleko lantalde guztiari formakuntza egokia ematea, eta bereziki pertsonei aurrez aurreko arreta ematen dizkioten langileei. «Udalean lan egiten duten profesionalei prestakuntza ona eman behar diegu, ikuspuntu feminista eta LGTBI bat sartu behar dugu zerbitzu sozialetan, udaltzaingoan, etab.», argudiatu du alkategaiak.

Koalizioko bigarren zerrendaburuak, Rocio Vitero independenteak, zehaztu du beharrezkoa dela ikuspuntu intersekzional bat martxan jartzea halako politikei heltzerakoan: «Zapalkuntzaren ardatz ezberdinak aintzat hartu behar ditugu: sexu orientazioa, genero nortasuna, klase, arraza, jatorria, adina. Ez gaude hitz egiten ari zapalkuntzaren olinpiar jokoei buruz, baizik eta zaurgarritasuna eragiten duten aldagaien konbinazioari buruz».

Viteroren aburuz, beharrezkoa da esku-hartzea hala emakumeen eta kolektibo zaurgarrien zapalkuntzaren gainean nola ingurumenaren zapalkuntzaren gainean. «Bizitza guztien jasangarritasunak izan behar du geure lehentasuna, eta udal maila da egokiena hausnartzeko, diseinatzeko eta aurrera eramateko ekintza eraldatzaileak, modu kolektiboan», azaldu du.

Bestalde, Alberto Porras ‘Titos’ hautagaiak azpimarratu du koalizioaren borondatea dela LGTBI kolektiboarekin modu jarraian lan egitea. «Geure eginkizuna da mugimenduari laguntza ematea, gu izango gara euren ahotsa udalbatzan, baina politikak haiekin batetra diseinatu behar ditugu. Garrantzitsua da ulertzea nor den subjektu politikoa eta nolako beharrak eta desioak dituen, eta horregarik LGTBI kolektiboaren eskutik ezarriko ditugu politikak».