AKTUALITATEA


| 2019-05-17 12:30:00

EH Bilduko alkategai Miren Larrionek azpimarratu du gaur koalizioaren apustu nagusia Gasteizko industriaren oinarria indartzea dela, hiriaren etorkizuna bermatzeko bide modura. Industriak aurrez aurre dituen erronka globalen aurrean, Larrionen helburua da profesionalei eta enpresei bidea erraztea aldaketa horietara egokitzeko, Gasteiz berrikuntzaren gune bat izan dadin, ekonomia jasangarri batean begirada jarrita.

Arana Ekosistema sortzea izango da berrikuntza sustatzeko tresna nagusia. Antzinako Arana erresidentzian eta ondoko parkean kokatutako espazioa izango da, udalerriaren berrikuntza sozial eta ekonomikoa sustatzeko, ikuspuntu jasangarri eta etorkizunera begirako batetik. Ideia eta enplegu aukera berriak garatzeko lekua izango da, baina, aldi berean, hiritar guztien gozamenari irekiko zaio, parkeari eutsita.

Proposamenak Gasteizko ni nortasun ikur handienak bateratu nahi ditu. «Alde batetik, hiri industriala, aberastasuna eta enplegu egonkorrago eta hobeto ordaindutakoak sorten dituena. Bestetik, hiri berdea, Green hiriburua, orain urrats bat gehiago egin, eta trantsizio energetikoari ekin behar diona», argudiatu du Larrionek.

Koalizioak inspirazioa eta ideiak bilatu ditu mundu osoan martxan dauden proiektuetan. Besteak beste, aipagarriak dira Bordeleko (Frantzia) Darwin Ecosysteme, eredugarria zaharberritze eta konpromiso jasangarriaren ikuspuntutik. New Yorkeko (AEB) NewLab, ekintzaileak, ikertzaileak eta erakundeak batuta ideia eta erabilpen teknologiko berrien sustatzaile bihurtu dena. Edo Varoshaza udako parkea Budapesten (Hungaria).

Arana ekosistemak gutxienez bost alor edo erabilera proposatu ditu antzinako egoitzaren eta parkearen inguruan, esparru ekonomiko edo sozial ezberdinekin lotuta daudenak: enplegua eta berrikuntza, elikagaien sektorea, eta aisialdia. Zehazki:

  • Partekatutako lanerako zonalde bat (Co-working).

  • Fabrikazio laborategi bat.

  • Gastronomia eta elikadura hurbil eta ekologikorako gune bat.

  • Jolaserako zonalde estali bat, skatepark batekin

  • Aisialdirako zonalde bat inguruan parkea baliatuta.

Arana ekosistemaren erdiguneak zerikusia du enpleguarekin eta enpresa ideia berrien sorrerarekin. Lehen elementua partekatutako lanerako (co-working) zonaldea da. Lantokia, sorkuntza eta ikerkuntza izatea bilatzen dugu, aldi berean izango dena enpresen hazitegia eta start-up ereduak bultzatuko dituen lekua.

Aranako bihotza fabrikazio laborategia da. Etxe berri bat izango da hiriko sortzaile, ikertzaile era ekintzaileentzako. Ideiak eta aukera berriak sortzeko eta garatzeko espazio bat, eta topaleku bat enpresak, langileak, ikasleak eta ikertzaileak elkarlanean aritzeko.

Arana ekosistemaren bigarren helburu nagusia da narratiba sozial berriak erraztea, adin eta interes ezberdinak dituzten Gasteizko auzotar guztiei topaleku bat eskainita, berreskuratuko diren espazioei esker. Besteak beste, elikadura jasangarrian oinarritutako gune bat izango du, jarduerak programatzeko atrio estali bat, eta baita ere eraikin nagusia inguratzen duen gune berdeari eusteko eta modernizatzeko erreforma bat.

«Azken finean, nahiko nuke Arana ekosistemarekin Gasteiz jartzea hiri aurreratua izateko behar duen bidean, erakundeen arteko lankidetzaren bidez, eta baita ere baliatuta hirian daukagun goi hezkuntza sistema bikainarekin sor daitezkeen sinergiak», nabarmendu du alkategaiak.