AKTUALITATEA


| 2020-04-10 09:29:00

Bertol Brechtek, kontakizun batean, honela zioen: "Denborale handien zain daudenean, beti gertatzen da arrantzale batzuek euren txalupak hondartzan amarratu eta barrualdera jotzen dutela; beste batzuek, ordea, azkar jotzen dute itsasora. Txalupak egoera ezin hobean badaude, seguruago egongo dira itsaso zabalean hondartzan baino, nahiz eta denboralea handia izan. Itsaso zabalean nabigazioaren arteari esker salba daitezke, baina hondartzan ekaitz txikienek ere txikitu ahal dituzte".

COVID-19aren denboralearen aurrean, Txagorritxura trumoiak balira bezala iritsi ziren kutsaketak, tximistak balira bezala ikastetxeetara eta galernak balira bezala lantegietara. Guztiak izan ziren beharrezkoak, behingoz, administrazioak onar zezan itsas zabalera atera behar zela, ahalik eta txalupa gehien babesteko eta mantentzeko. Pertsonak salbatzeko, alegia.

Orain, itsaso zabalean gaude, eta nabigazio horrek egia asko azaleratu ditu txalupen inguruan. Balio bikoitza izan du honek. Alde batetik, komunitatearengan pentsatuz eta etorkizunari begira lanean aritu direnen ahalegina aitortzeko balio izan du. Bestetik, egungo sistema kudeatzen aritu direnen lana ez dela egokia izan ikusarazteko balio izan du.

Publikoa denaren desegite sistematikoak eta pribatua denaren gizentzeak agerian geratu dira orain: txalupak -gure bizitzak eta oinarrizko zerbitzuak- baldintza prekarioetan utzi ditu.

Txalupa horietako marinelak, osasun-langileak, sektore ahuldu bat dira. Izan ere, sektore horretako LEPetan medikuen egonkortasunerako sarbidea ez da merituetan oinarritu izan eta gainerako langileek nekez azal daitezkeen bitartekotasun-indizeak dituzte. Eta orain, ekaitz honi aurre egin behar diote pertsona horiek guztiek. Baina ez dira bakarrak. Marinel gehiago daude: garbitzaileak, kutxazainak, suhiltzaileak, zaintzaileak... Asko dira gizartearentzako oinarrizkoak diren sektore horietan lanean dabiltzanak, osasungintzakoa baino sektore are prekarizatuagoak, behintzat egonkortasunari eta soldatari dagokionez.

Denborale honi aurre egiteko nabigazioaren artea baliatu behar dugu. Baina hori ez da marinelez janztea, baizik eta korronteak eta haizeak ezagutzea eta noiz eramaten utzi eta noiz aurre egin jakitea. Gure posizioa zein den jakinda lortuko dugu; itzultzea lortuko dugu.

Eta ezagutza hori komunitatea osatzen duten pertsonen artean banatuta dago. Horregatik, gure taldeak, EH Bilduk, ekaitz honen hasieratik bere jakintza osoa eskaini du eta sektorearteko krisi-mahai bateratu baten sorrera planteatu du.

Bide honetan ideiak eta proposamenak mahaigaineratu ditugu. Zerga eta tasei buruzko proposamen ekonomikoak edota alokairuei buruzko proposamenak; hezkuntzako proposamenak, arrakala digitalari buruz eta desberdintasunen konpentsazioari buruzkoak; proposamen sozialak, oinarrizkoenak diren janariari, etxeko eta egoitzako arretari dagozkienak, zerbitzuak antolatzeari buruzkoak; enplegurako prestakuntza-proposamenak, ondoren etorriko denari aurre egitekoak; merkataritzarako proposamenak; espazio publikoa eskura ditugun baliabideekin desinfektatzeko proposamenak; finean, inor atzean ez uzteko proposamenak.

Gehiegitan adabatutako belek eta zaharkituta geratu den lemak osatzen duten egur zaharkituarekin egindako txalupa hauen nabigazioan laguntzeko proposamenak azken finean. Jakin badakigulako, orain, ur-bideak estaltzea tokatzen dela, helmuga egokia finkatzea eta txalupa guztiak salbu mantentzea. Horretan gaude eta hor dago gure konpromisoa.

Era berean, nabigazio horretan zehar geure burua apunteak hartuz doa, behin denboralea amaitutakoan nola itzuli diseinatzen hasteko eta, hurrengo denboralea iritsi baino lehen, itzuleran zer hobetu daitekeen planifikatzeko.

Zorionez, denborale hau baretzeko neurriak har ditzakegu. Denbora luzez OMEk eskatu bezala, biztanleei egiten zaien test kopurua handitu behar dugu. Konfinamendua mantendu behar dugu ahulenak babesteko beste modurik ez dagoelako. Ekaitza gutxitzen doan heinean, lurreratzeko bidea hasteko.

Eta bueltan, ikasitako guztia erabiltzea gure ardura izango da. Ez dago normaltasunera itzultzerik, normalaren kontzeptua aldatu egin delako. Baina benetan balioa duenari aitor diezaiokegu, Machadok zioen bezala: "Balioa eta prezioa nahastea, ergelkeria hutsa da".

Denborale batek iparra galtzera eraman gaitzake, baina gauza asko bere lekuan jartzen ditu ere. Gizarte-segurantza sistema, osasun-sistema, ongizate-estatuaren kontzeptua, horiek guztiak ere, beste denborale handi batzuen ondorio dira.

Hori izango da gure erronka, bide zuzenetik gidatzen gaituen iparrorratza jarraitzea; denboraletik zerbait ikasi badugu behintzat.