Trenbidearen trazadura lurperatzeko konpromisoa berretsi du EH Bilduk, eta horixe bera eskatuko dio udalbatzari ostiral honetan bertan egingo den osoko bilkuran. Gasteizko Euskal Herria Bilduko zinegotzi Xabier Ruiz de Larramendiren iritziz, «EH Bilduk trenbidea osorik lurperatzearen alde egiten du, hiria josteko eta hiri osoa, eta bereziki Salburua, Zabalgana eta erdigunea, banatzen dituen hesi fisikoa kentzeko. Iritzi hori Gasteizko gizartearen gehiengo handi batena ere bada, eta kezkatzen gaitu beste aldera begiratu eta eskaera historiko horri bizkarra eman nahi dioten alderdiak egoteak».
Hala, zinegotziak adierazi du, azken asteotan, Oscar Puente Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak eta Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak Gasteizen lurperatzeko proiektua zalantzan jarri dutela. Lehenengoak zalantzan jarri du Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioa prest egotea lurperatzea finantzatzeko eta gauzatzeko bere aldetik hartutako konpromisoak betetzeko. Eta bigarrenak zalantzan jarri du lurperatzea beharrezko proiektua denik Gasteizen, eta Udalari eskatu dio publikoki esan dezala lurperatzearen aldeko apustua egiten duen ala ez.
«Garraio Ministroak eta Ahaldun Nagusiak zalantzan jarri dute lurperatzea hiritik igarotzean. Biei gogorarazten diegu gasteiztarron gehiengo handi batek hiri osan erabat lurperatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen duela, baita Salburuan eta Zabalganan ere. Izan ere, helburua hiria jostea izan da eta izaten jarraituko du, trenbideek okupatutako espazio guztia berritzeko, espazio atseginagoa sortzeko, eta egungo behar eta erronkekin bat datorren hiri-hedapena gauzatzeko», ziurtatu du zinegotziak.
Izan ere, alderdi politiko batzuek modu interesatuan ezarri nahi dituzten zalantza horiek gorabehera, egia da oraindik ere gehiengoak babestutako proiektua dela, udal soziometroaren datuek erakusten dutenez; izan ere, inkestatutako pertsonen %68k lurperatzea "oso positibotzat edo nahiko positibotzat" jo du eta 10etik 7,4 puntuko batez besteko kalifikazioa lortu du.
Era berean, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioari Gasteizen trenbidea integratzeko beharrezkoak diren jarduketak finantzatzeko, antolatzeko eta gauzatzeko hartutako konpromisoei eusteko eta betetzeko eskatuko dio EH Bilduk. «Ezinbestekoa da beharrezko finantzaketari eustea eta adostutakoa betetzea, finantza-karga erakundeen artean banatzeko modua Estatuko gobernuaren erdia izan dadin, eta, beste erdia, euskal erakundeen kontura».
Azkenik, EH Bilduk erakunde arteko protokoloa aldatzeko eskatuko die proiektuan parte hartzen duten erakunde guztiei, dagoeneko iragarrita dagoen trenbideko merkantzien bypass-a kontuan har dezaten. Izan ere, 2025ean salgaientzako trenbideko bypass bat iragarri zen, lurperatu beharrean hiria inguratuko zuena; eta, argi dago, 2022an sinatutako protokoloak ez duela jasotzen. Protokoloaren aldaketa horrek barne hartu beharko du, halaber, trenbidearen trazadura hiri-bilbe osoan lurperatzeko beharra, Salburua eta Zabalgana barne, 2010eko erakunde arteko protokoloak aurreikusten zuen bezala.