EH Bilduk defendatu du Gasteizek taxien ordenantza berri bat behar duela, herritarren beharrak asetzeko, eta, horretarako, beharrezkoa dela elkarrizketa «inklusibo eta diskretu» bat irekitzea, PSE-EAJk sortutako gatazka konpontzeko. Ildo horretan, EH Bilduk taxi zerbitzua, zerbitzu publikoa den aldetik, baldintza egokietan ematea eskatzen jarraitzen du, gaueko ordutegian estaldura emanez, hiriko geltoki estrategikoetan (autobus geltokia, tren geltokia, etab.) taxien presentzia bermatuz eta Eurotaxi edo taxi egokituaren zerbitzua zabalduz.
Hala ere, EH Bildu kezkatuta agertu da Etxebarria gobernuak taxien sektorea arautzeko gainerako talde politikoekin kontrastatu gabeko ordenantza-proposamena egin duelako. Iragarpen publikoaren ondoren bakarrik jakinarazi zieten PSEk eta EAJk gainerako talde politikoei proposamen horren edukia. «Aldaketa hori prestatzeko eta negoziatzeko prozesu guztia alde bakarrez egin da, gainerako talde politikoak kontuan hartu gabe, edo, behintzat, EH Bildu kontuan hartu gabe», adierazi du Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak.
Hala eta guztiz ere, joan den martxoaren 12an gobernuak aurreakordio bat iragarri zuen taxilariekin, sektorearekin adostutako proposamen bat zela esanez. Baina atzo bertan argi geratu zen proposamen horrek ez zuela behar besteko abalik, eta sektoreko gehiengo zabal batek atzera bota zuen. Salazarrek adierazi duenez, horrek «blokeo egoerara eta taxiaren ordenantza eta erregulazio berriaren proposamenaren oinarri zen premisa haustera darama. Sortutako gatazkaren erantzukizuna prozedura hau hasieratik gidatu dutenei bakarrik dagokie», esan du EH Bilduko zinegotziak.
Horren aurrean, EH Bilduk lanean jarraitzen du eta ekarpenak egiten jarraituko du herritarren eskaerei erantzungo dien ordenantza on bat egiteko, are gehiago udalerriko mugikortasunean funtsezkoa den zerbitzu publiko batetaz ari garenean. Gasteizko taxi zerbitzua hobetzeko eta modernizatzeko aukera badagoela uste du EH Bilduk. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du elkarrizketa inklusibo eta diskretu batera itzultzea, eta helburu horrekin egingo du datorren astelehenean, apirilaren 13an, udal gobernuarekin egingo duten bilera, taxiaren sektoreari eskatu dion bilkura ere.