Vitoria-Gasteizko Udalak hiriko Harrera Bulegoa jarri du martxan. Alde Zaharrean dago eta Udal Gobernu Taldearen eta EH Bilduren artean adostutako 2025eko aurrekontu-akordioari esker jarri da proiektua abian.
Ekimena aurkezteko gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Pascual Borja Bizikidetzaren eta Aniztasunaren zinegotziak, Alberto Porras EH Bildu Gasteizko udal-taldeko zinegotziak eta Filomena Abrantes Egoiliar Afroamerikarren Elkarteko ordezkariak parte hartu dute. Hain zuzen ere, zerbitzu berria martxan jartzen lagundu du elkarte horrek.
“Gasteizko Harrera Bulegoa ongietorria eta harrera egiteko, informazioa emateko eta laguntza eskaintzeko gunea da. Bertatik, bizilagun berriei orientazioa ematen zaie, leku ezezagun batera iristen direnean eman beharreko pausoak ezagut ditzaten (hau da, bere berezitasunak eta nortasuna dituen ingurunera iristean). Horren guztiaren helburua da hiriarekin lotutako eskubideaz gozatzen laguntzea: elkarrekin bizitzeko, eraikitzeko eta eraldatzeko, eta hori guztia berdintasun-baldintzetan egiteko eskubidea, alegia. Herritarren eskubideekiko errespetua da gure oinarria, eta gure lehentasuna da pertsona guztiek Gasteizko gizarteaz gozatzea eta bertako partaide aktibo eta integratu izatea. Abiapuntu horretatik aurrera, desberdintasunek gatazka-iturri izateari uzten diote, eta aberastasun sozial, kultural eta, era berean, ekonomikoaren iturri izatera igarotzen dira”, adierazi du Borjak.
Bestalde, Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “EH Bilduk beti defendatu du Gasteiz harrera-hiri gisa. Baina harrera-hiri hori benetako politiken eta harrera arloko jardunbideen bidez eraiki behar da. Eta horren adibiderik onena da migratutako biztanleentzako lehen harrera-gune hau. Horrekin batera, gainera, hainbat hizkuntzatara itzuli dugun gidaliburua ere aurkezten dizuegu. Bertan, hiriaren eta bertako zerbitzuen aurkezpen-gutuna dago jasota. Gasteizera iritsi berri diren pertsonei auzoetako jarduera komunitarioan sartzen lagundu nahi diegu, eta uste dugu baliabide hau tresna erabilgarria eta erreferentziazkoa izan daitekeela. Izan ere, bertan bizitzeko asmoz iritsi zaren hiriko herritarren zerbitzuak, eskubideak eta betebeharrak ezagutzea funtsezkoa da bizitza duina garatzeko”.
Gasteizko Harrera Bulegoak (Eskola kalea, 11) pertsona bakoitzak hirian ezartzeko behar dituen erreferentzia guztiei buruzko informazioa emango du: errolda, osasuna, hezkuntza, enplegua, aisialdia eta denbora librea, Udalaren eta beste erakunde batzuen zerbitzuak eta baliabideak, betiere kontsulta egin duen pertsonaren edo familiaren egoerarekin bat etorriz.
Udal-zerbitzu honetako taldeak izapide horiek antolatzeko modurik onenean orientazioa eskainiko du, eta unean uneko laguntza emango du administrazioen jardunbideak ulertzeko zailtasunak daudenean. Harrera-gune horren eginkizuna lehen arreta hori ematea da, eta, ondoren, dagokion zerbitzura bideratzea. Hala, zerbitzu hori gune egokia izango da hainbat gai izapidetzeko (errolda, eskolatzea, enplegua…), baina inolaz ere ez dira izapide horiek egingo Harrera Bulegotik. Informazio maila, beraz, oinarrizkoa izango da. Hortik abiatuta, pertsona horiek beren eskaerei erantzun ahal izango dieten beste komunikazio-bide edo gune batzuetara jotzeko aukera izango dute.
Helburua da lehen urratsak erraztea eta hiriaren ezagutza, izaera, historia eta kultura gehiago transmititzea, bizilagun berriek hiriaren errealitatea ulertu eta, pixkanaka, haren nortasunaren zati baten partaide direla sentitzeko.
Harrera Bulegoak, aldi berean, taldeko informazio-saioak antolatuko ditu, jasotako kontsulten arabera. Gaztelera eta euskararako hastapen-ikastaroak ere eskainiko ditu.
Gasteizko Harrera Bulegoa Eskola kaleko 11. zenbakian dago, eta jendaurreko ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara, eta astearte eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara.
Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua eskatzea, eta, beraz, unean uneko disponibilitatearen arabera erantzungo da.
Informazio gehiago: Vitoria-Gasteizko Udalaren web-orria – Gasteizko bizilagun berrientzako Harrera Bulegoa