AKTUALITATEA


| 2026-03-30 09:25:00

Vitoria-Gasteizko Alde Zaharra Gazte Plazaren bigarren edizioaren agertoki bihurtuko da apirilaren 18an. Ekimen horrek 18 eta 30 urte bitarteko hiriko artista gazteak bilduko ditu, haien talentua eta sormena erakusteko, herritar guztiei irekitako kultur programazio zabalaren bidez. Jaialdiak Gazteriaren Udal Zerbitzuaren laguntza du, eta hogei bat jarduera eskainiko ditu, tartean kontzertuak, tailerrak, pintura, antzerkia, dantza eta hainbat erakustaldi artistiko.

Egitasmoa Udal Gobernuak eta EH Bilduk sinatutako 2025eko aurrekontu-akordioan jasota dago eta ekimenaren kartela eta xehetasunak gaur goizean ezagutarazi dituzte, Ana López de Uralde Gazteria zinegotziak, Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak eta Ane Cabello Gazte Plazako koordinatzaileak parte hartu duten prentsaurrekoan.

Maider Uriartek adierazi duenez, “Gazte Plaza ekimenaren bidez, tokiko artista gazteei beren sorkuntza artistikoak ezagutzera emateko aukera eskaintzen diegu. Lehen edizioaren emaitza onaren ondoren, berretsi egiten dugu gazteen kulturaren eta talentuaren aldeko ezinbesteko apustu hori, adierazpen artistiko ezberdinen artean sinergiak eta lankidetzak sortzeko aukerak eskaintzen baititu. Horrela, bigarren edizio honek hogei bat jarduera eskainiko ditu, tokiko talentuaren erakusleiho izango direnak”.

Bestalde, López de Uraldek nabarmendu duenez, “Udal Gobernuak Gazte Plazaren aldeko apustuari eusten dio, Gasteizko kultura-bizitzan gazteen lankidetza eta parte-hartze aktiboa sustatzen duen ekimena delako. Gainera, tokiko artisten arteko sinergiak sortzea errazten du, pentsamendu sortzailea sustatzen du eta gazteen talentuari balioa ematen dio, hiriko txoko neuralgiko batean adierazpen artistiko eta kulturalerako espazioa eskainiz”.

Programazioa

Kartela eta programazioa 6 gaztek osatutako talde eragileak diseinatu ditu, eta Gazteriaren Udal Zerbitzuaren aholkularitza izan dute. Jarduerak egun osoan zehar garatuko dira Alde Zaharreko hainbat gunetan.

Aihotz plaza ‘Arnastu eta Sortu’ gunearen agertokia izango da, eta 11:00etatik 21:00etara azoka egingo da bertan. Gainera, DJakelkarlanean egindako horma-irudia eta estanpazio esperimentaleko, zeramikako edo fanzineak egiteko hainbat erakustaldi eta tailer parte-hartzaile izango dira. Beren sorkuntza-lan artistikoak merkatuan erakusteko interesa duten 18 eta 30 urte bitarteko pertsonek apirilaren 13ra arte eman ahal izango dute izena azokan parte hartzeko.

Bestalde, Santa Maria plazan ‘Mugitu’ gunea egongo da 12:00etatik 22:00etara. Agertoki horretan, publikoak ‘Modo avión’ performanceaz gozatu, Royal Battlen esku hartu eta LGTBI gaiari buruzko topaketa zinematografikoan parte hartu ahal izango du. Topaketa horretan, gainera, Arabako hiru lan ikusteko aukera egongo da.

Buruileria plazan ‘Entzun’ gunea egongo da, eta 11:00etatik 23:00etara kontzertuak eta musika-proposamenak izango dira entzungai. Bertaratzen direnek kantautoreez, musika klasikoaz, euskal musikaz eta jamm session batez gozatzeko aukera izango dute.

Bestalde, jarduera ibiltariak Frai Zacarias Martinez eta Santa Maria kaleetan zehar ibiliko dira 11:30etik 20:00etara, eta hainbat proposamen eskainiko dituzte, hala nola batukada, txistularien kalejira, kale-antzerkia eta argazkigintzarekin lotutako jarduerak.

Eguraldi txarra eginez gero, baliteke jarduera batzuk lekuz aldatu eta Aldabeko eta Landatxoko gizarte-etxeetan egin behar izatea.