AKTUALITATEA


| 2019-08-01 11:32:00

Joan den astelehenean, uztailak 29, udal Gobernu Batzordeak erabaki zuen Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuen udako kanpaina kudeatzeko kontratua urtebetez luzatzea. 2020. urteko kanpaina abian jartzeko oraindik hamar hilabete falta diren arren, EAJren eta PSEren gobernuak erabaki du honezkero bizkarra ematea arreta zerbitzuaren kudeaketa zuzena egiteko aukerari, eta, modu horretan, zerbitzu hori eskaintzen duten langileen prekaritate egoerari eutsiko zaio.

2012. urtean Alderdi Popularrak udako kanpaina pribatizatzea erabaki zuen, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeari buruzko interpretazio murriztaile batean oinarrituta. «Zazpi urte geroago, EAJk eta PSEk eredu hori betikotzea erabaki dute, lan baldintzak kaltetzen dituena. Uste dugu udako kanpaina langile propioekin egiteak lan baldintza horiek hobetuko lituzkeela, eta baita ere zerbitzuaren kalitatearen nahiz eraginkortasunaren onerako litzatekeela», azaldu du udal taldeko bozeramaile Miren Larrionek.

Kontuan hartu behar da oposizioan zegoenean EAJk berak kudeaketa zuzenaren alde egin zuela, baina gobernuan dagoenetik ez du ezer ere egin egoerari buelta emateko, eta kontrako jarrera bati heldu dio. «Livia Lopezek Kirol zinegotzi bezala hartu duen lehen erabakietako bat izan da udaleko zerbitzuetan prekaritatea hedatzen duen eredu bati eustea, Hasiera honek ez du ezer onik aurreratzen», Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziaren hitzetan.

Kontratua berriro ere luzatzeko, Kirol Zerbitzuak argudiatu du ez dituela behar adineko giza eta material baliabideak lan horiei aurre egiteko. Aitzakia hutsa, kontuan izanik udalak berak martxan dituela oposizio prozedurak, edo langile behar hori estaltzeko kontratazio zerrenda berriak martxan jartzeko aukera zabalik duela.

Bestalde, EH Bilduren aburuz, kezkagarria da kontratuaren luzapen berriari hain goiz bide eman izana, udal taldeei aurrekontuen eztabaidan beste eredu baten alde egiteko aukera bera ere kendu nahi zaielako. «Erabaki honek, berez, zerbitzu publikoak azpikontratatzeko eta pribatizatzeko politika batekin segitzeko apustu argi bat erakusten du, udal gobernuaren aldetik. EH Bildutik bide hori zuzentzen eta aldatzen saiatu gara, eta horretan jarraituko dugu», nabarmendu du Larrionek.