AKTUALITATEA


| 2025-12-17 10:52:00

Guztira 19 enpresak eskuratu dute Vitoria-Gasteizko Udalak aurten abian jarritako deskarbonizazio-proiektuetarako laguntza-lerro berria. Udal-gobernuak EH Bildurekin 2025ean hitzartutako aurrekontu-akordioari esker bideratu da deialdia.

Horri esker, Udalak lau ardatz nagusitan bildutako ekintzak diruz lagunduko ditu: energia-kontsumoa murriztea, karbono-aztarna kudeatzea eta murriztea, energia-trantsizioa iturri fosilak energia berriztagarriekin ordezkatuta eta naturan oinarritutako soluzioak ezartzea, klima-aldaketara egokitzen eta ondorioak arintzen laguntzeko.

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi María Nanclares pozik agertu da industria-sareak erantzun ona eman diolako deialdiari. “Hasiera batean, laguntza horietarako 400.000 euro bideratu genituen, baina eskaera handiaren ondorioz, partida 555.655,52 eurora arte handitu dugu, eta horrek agerian uzten du Gasteizko enpresek jasangarritasunarekiko duten konpromisoa. Izan ere, lankidetza publiko-pribatua beharrezkoa da karbono baxuko ekonomiarako trantsizioa sustatzeko”.

Bestalde, Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “EH Bildutik pertsona guztientzako bidezko trantsizio ekosoziala defendatzen dugu, udalerriaren deskarbonizazioan modu transbertsalean aurrera egiteko giltza gisa. Gaur, harro esan dezakegu enpresa txiki eta ertainen deskarbonizaziorako laguntza horiek benetako arrakasta izan dutela, eta horrek erakusten duela bide onetik goazela eta herritarren eskutik egiten ari garela aurrera. Beraz, udalerriko sektore ekonomikoari laguntzeko pausoak ematen jarraitzen dugu, enpresa txiki eta ertainen deskarbonizazio-prozesuan, alegia.”

Deialdian parte hartu duten 19 enpresek, besteak beste, honako hauek egin ahal izango dituzte: makinak modernizatu, instalazioak termikoki egokitu, amiantoa duten estalkiak kendu eguzki-energia fotovoltaikoko sistema instalatzeko, eta birkarga-puntuak dituzten aparkalekuak egokitu. Baldintza da gutxienez diruz lagun daitekeen 6.000 euroko inbertsioa egitea (BEZa aparte).

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak emisioak murriztearen aldeko proiektuak sustatzearen aldeko apustua egin du, 2030eko Agendak ezartzen dituen Garapen Jasangarriko Helburuak aintzat hartuta.

Gasteizek Klima eta Energia Jasangarriaren Ekintza Plana du, 2030ean amaituko dena, eta Europako Batzordeak abiarazitako bost misioetako bitan parte hartzen duen Europako hiri bakarra da. Neutraltasun klimatikoa lortzea eta klima-aldaketara egokitzea dira helburu horiek.