AKTUALITATEA


| 2026-05-27 12:00:00

Tokiko Gobernu Batzordeak ostiral honetan onartuko du Vitoria-Gasteizen 2026an txikizkako merkataritzaren sektoreko enpresetan belaunaldi-erreleboa sustatzeko laguntzen deialdi publikoa, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak egindako proposamenean oinarrituta. Udal Gobernu Taldearen eta EH Bilduren artean adostutako 2026ko aurrekontu-akordioaren ondorio den neurri honetarako, Udalak 100.000 euroko inbertsioa egingo du.

EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek adierazi duenez, “finkatutako negozio komertzialen eskualdatze ordenatua babestu nahi dugu, eta saltoki horien buru pertsona berriak  jartzen lagundu nahi dugu. Deialdi berriak 100.000 euroko inbertsioa izango du, eta lokal eta merkataritza-sektore berean jarduerarekin jarraitzen duten Gasteizko saltoki txikiei zuzenduta egongo da. Gainera, aurreko deialdiarekin alderatuta aldaketak egin ditugu, txandatze prozesuei aurrea hartu ahal izateko, eta itxierak saihesteko aukera emanez”.

“Belaunaldien arteko erreleboa merkataritzaren erronka handietako bat da, eta Udaletik erabakitasunez egiten diogu aurre. Horretarako, laguntza horien bigarren deialdia egin dugu, eta oinarriak gure merkatariek helarazi dizkiguten iradokizunetara egokitu ditugu. Transmititu beharreko negozioaren gutxieneko antzinatasuna 8 urtetik 6ra murriztu dugu, saltokia transmititzen duen pertsonaren adina gutxitu dugu (60 urtetik gorakoa izan beharrean, 55 urtetik gorakoa izango da), eta alta berria eman aurretik enpresak funtzionamenduan egon behar zuen denbora 6 hilabetetik 12ra handitu dugu”, adierazi du María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak.

Gasteizko merkataritza-sektoreko negozioetan belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko dirulaguntzak bi lerrotan banatu dira. Lehenengoak 2.000 eta 7.000 euro arteko itzuli beharrik gabeko laguntza aurrez ikusten du erretiroa hartzear duten kudeatzaileen negozioak beren gain hartzen dituztenentzat. Zenbatekoa balorazio teknikoan lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da.

Bigarren lerroak enpresa-transmisioko prozesua formalizatzeari lotutako gastuen % 50 diruz lagunduko du, hala nola notariotza-gastuak, aholkularitza eta laguntza teknikoa, eta abar. Laguntza horren muga 5.000 eurokoa izango da.

Horrela, lehen epigrafearen balorazioan % 100 lortu eta bigarren epigrafean 10.000 euroko gastuak justifikatzen dituen pertsona batek 12.000 euroko laguntza jaso dezake guztira.

Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak ezarri duenez, erreleboa jasoko duten saltokiek gutxienez 6 urteko antzinatasuna izan beharko dute, eta eskualdatu beharreko negozioak jardunean egon beharko du jardueraren titular berriaren alta baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik.

Onuradunak jarduera bera eta kokapen berean mantendu beharko du, gutxienez bi urtez.

Saltokiek eta etxetresna elektrikoak eta bestelako kontsumo-ondasunak konpontzeko negozioek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan.

Diruz lagundu ahal izango dira 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean egindako ekintzak eta errelebo-gastuak.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko irailaren 30ean (egun hori barne) amaitu.

Laguntza horiek Gasteizko Merkataritzaren Belaunaldien arteko Erreleboko Planaren barruan sartzen dira. Udalak 200.000 euro bideratuko ditu plan horretara, eta laguntza horiek jaso ditzaketen saltokiak zehazteko landa-lana eta txostenaren ondorioetatik abiatuta zehaztu beharreko hainbat ekintza barne hartzen ditu.