AKTUALITATEA


| 2020-02-05 10:19:00

EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Herritarren Segurtasunerako zinegotzi delegatuari Udaltzaingoko hainbat agentek urtarrilaren 30ko Greba Orokorreko deialdiaren harira. Agente horiei eman zitzaizkien aginduen berri emateko eskatuko zaio; izan ere, zenbait dokumentu grafiko eta multimediatan agerian geratzen da horietako batzuek hainbat pertsona atxiki eta identifikatu zituztela.

Are larriagoa da jardun zalantzagarri hori behar bezala akreditatutako kazetarien lana eragozteko eman izana. Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak salatu duenez, "informazio eskubidea urratu egin zen udaltzainek zenbait kazetariren lana oztopatu zutenean; izan ere, kazetari horiek, akreditazioa eskuan, joan den hilaren 30eko greba deialdiari jarraipena ematen lanean ari ziren udaltzaingoak atxiki eta identifikatu zituenean".

Horregatik guztiagatik, EH Bilduren udal taldeak galdera sorta bat eramango du hurrengo Herritarren Segurtasunerako Batzordera, zinegotzi delegatuarentzat. Udaltzaingoak zituen agindu zehatz eta jarraitu beharreko protokoloaren inguruan galdegingo zaio, kazetarien lanarekiko izandako jarreran bereziki arreta jarriz. Horrez gain, 'Mozal Legea' ezartzeko asmoa ote duten galdetuko zaie, baita departamentuak ofizioz ikertuko ote duen egun hartako udaltzainen balizko gehiegikeria egon ote zen ere.

EH Bilduren ustez, onartezina da kazetarien lana oztopatzea, eta udal gobernuari adierazpen askatasuna eta informazioa askatasunez komunikatzeko edo jasotzeko oinarrizko eskubidea bermatzeko erantzukizuna eskatu dio.