Hiri Tailerra – Taller Ciudad proposamenak irabazi du 21 Zabalgunea Udal Sozietateak deitutako proiektu-lehiaketa, Vitoria-Gasteizko Goya gasolindegiaren etorkizuneko erabilera zehazteko. Horren bidez, mugikortasun jasangarriaren erreferentziazko espazio bihurtuko da, eta, gainera, arreta turistikoa eta herritarrei zuzendutakoa, natura- eta kultura-ondareari buruzko informazioa, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzako laguntza eta alokairua, ingurumen-heziketa eta turismo jasangarriarekin lotutako jarduerak ere eskainiko ditu.
Adituen epaimahaia osatzen duten 5 kideen azken deliberazioaren arabera, planteamendu hori izan da onena Cadena y Eleta Apezpikuaren kaleko eraikin historikoa berregokitzeko eta balioa emateko abian jarritako lehiaketaren lehen fasea gainditu zuten hiru finalisten artean.
Rocío Vitero EH Bilduko bozeramaileak eta Borja Rodríguez Hiri Ereduaren eta Hirigintzaren zinegotziak eman dituzte proiektuaren xehetasunak gaur goizean. Proiektu-lehiaketa PSE-EAJ gobernu-taldeak EH Bildurekin 21 Zabalgunea sozietatean adostutako akordioa izan zen, eta, ondoren, udal-sozietatearen administrazio-kontseiluan berretsi zen.
EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok adierazi duenez, “gaur aurkeztuko dugu Goya gasolindegi zaharra mugikortasun jasangarri, osasuntsu eta seguruaren erreferente bihurtuko duen proiektu irabazlea. Hiri Tailerra-Taller Ciudad du izena eta hamarkada bat baino gehiago itxita daraman espazio hau berregokitzea du helburu. Pozten gara Gasteizko eraikin sinboliko honek ateak berriro ireki eta bizitzaz beteko dituelako. Eta pozten gaitu, halaber, mugikortasunari lotutako bere esentzia mantentzeak, Gasteizko ondare arkitektonikoa babestuz, baina betiere gaur egun hiriek aurre egin behar dioten jasangarritasunaren erronkara egokituz”.
“Proposamen honen planteamendua Goya gasolindegia espazio ireki, malgu eta pedagogiko bihurtzeko ideia nagusiaren inguruan egituratzen da. Gasolindegi horrek, jatorrizko eraikinak bezala, iristen denari arreta, orientazioa eta informazioa emango dizkio, gero mugimenduan jartzeko. Hirian betetzen zuen rola berreskuratu eta Gasteizko erreferentzia puntu bihurtu nahi du, oraingoan mugikortasun jasangarritik, turismo arduratsutik eta egunerokotasunaren kulturatik”, azaldu du Borja Rodríguezek.
Esku-hartzearen oinarriak honako hauek dira: jatorrizko eraikina errespetatzea eta hari balioa ematea, gutxieneko esku-hartzea egitea eta itzulgarritasuna ahalbidetzea. Eraikinarekiko errespetua dela eta, birgaitzea da Hiri Tailerraren planteamenduaren lehentasuna, eta oso pieza berri gutxi gehitzen ditu, estrategikoki kokatuta daudenak. Horiek guztiek eraikinaren esentzia espaziala aldatu gabe, helburua betetzen dute.
Esku-hartzearen itzulgarritasuna ere kontuan hartzen du, eta eraikuntza-baliabide desmuntagarriak erabiltzea planteatzen du, beharrezkoa balitz higiezinaren jatorrizko egoera berreskuratzeko.
Beheko solairuko espazio nagusia Cadena y Eleta Apezpikuaren kalera irekita dagoen gune gardena da. Bertan, altzariek itxaroteko gunerako, haurrentzako eremurako, erakusketa-gunerako, autokontsultarako pantailetarako eta aldi baterako erakusketetarako erabilerak definitzen dituzte.
Atariaren azpian dagoen espazioa bizikleten tailer informala hartzeko prestatu da, eta jatorrizko garita berreskuratu da erreminten biltegi eta erabilera horri lotutako informazio-puntu gisa.
Beheko solairuaren beste aldean harrera-gunea egongo da, 5 informatzailerentzako tokiarekin, eta komun egokitu berriak, garbiketa-gela eta itxaroteko espazio txikia ere egongo dira, eserlekuekin eta autokontsulta informatikorako 3 posturekin.
Arrapala azpiko gunean biltegia egokituko da, ate handiekin, beheko solairuko altzariak eta materialak gordetzeko.
Beheko solairuko ekipamendua osatzeko, 30 eta 50 pertsona arteko edukiera duen erabilera anitzeko gela egongo da, informazio-saioak, mahai-inguruak eta aldi baterako erakusketak egiteko pentsatua. Azkenik, solairu horretan, 6 lagunentzako laneko espazioa egongo da (argi naturala izango dute), eta bilera-gela bereizia, aldagela, komuna eta officea izango ditu. Jatorrizko argi-zuloko argi naturala eta argi zenitala izango ditu, eta kanpora joateko irteera zuzena.
Lehenengo solairuan, erabilera malguko eta 100 pertsonarentzako edukiera duen espazio gardenak neurri handiagoko ekitaldiak hartu ahal izango ditu. Gainera, Florida parkera eta Katedral Berrira begira dauden bistak izango ditu.
Solairu horretan, gainera, tailer txikiak emateko tailer-gelak egongo dira, komun egokituez eta edoskitze-gelez gain. Solairu horretatik, jatorrizko tailerraren estalkira sartu ahal izango da. Toki horren erakargarritasun nagusia Katedralera eta Floridara begira dauden bi begiratoki ikusgarriak izango dira.
Lehiaketaren proposamen irabazle gisa hautatuta, Hiri Tailerra-Taller Ciudad proposamenak oinarrietan ezarritako 15.000 euroko zenbatekoa lortu du, lehen fasean hautatutako hiru ideien artean egoteagatik jasotako 5.000 euroez gain.
Datorren ostiralean, epaimahaiak egingo duen bileran, hautatutako proposamenaren egilea eta beste bi finalistak nor diren jakingo da. Ondoren, 21 Zabalguneak egingo duen hurrengo kontseiluan, irabazleari esleituko zaio lehiaketa. Gainera, Sektore Publikoaren Kontratazioari buruzko Legearen arabera, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren pleguak onartuko dira, proiektua idazteko proposamen irabazlearekin.