AKTUALITATEA


| 2026-01-29 09:16:00

Gazte Plazaren bigarren edizioko talde eragilean parte hartzeko prozesua zabalik dago jada. Jaialdia antolatzen parte hartu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko pertsonek otsailaren 2ra arte izango dute izena emateko aukera. Ekitaldia apirilaren 18an egingo da, eta adierazpen sortzaile eta artistikoak garatzeko topagunea izango da. Horren bidez, gazteek Arabako hiriburuko aisialdi alternatiboaren eskaintzan parte hartzea eta lankidetzan aritzea sustatuko da.

Ekimena, Udal Gobernuak eta EH Bilduk sinatutako 2025eko aurrekontu-akordioan sartua, arte-diziplina ezberdinetako gazte-talde batek gidatuko du, Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin. Deialdi publiko honen bidez, gazteen eta elkarteen proposamenak bilduko dira, eta jaialdiaren programazioa zehazteko erabiliko dira gero.

 

Talde eragileak zeregin aktiboa izango du jaialdia diseinatzen eta antolatzen, eta erabakiak hartzen, komunikazioan eta bitartekaritzan parte hartuko du ekitaldian zehar, bai eta beste gazte batzuekin taldean lan egiten ere. Haien inplikazioak hirian sormena, lankidetza eta berrikuntza kulturala sustatzen lagunduko du. Ez da aurretiko esperientziarik behar talde eragileko kide izateko, eta, beraz, interesa duen edozein gaztek egin dezake bat proiektuarekin.

Gazte Plazaren helburua da Vitoria-Gasteizko gazte sortzaileei ikusgarritasuna ematea, sareko lana bultzatzea eta gazteen adierazpen artistikoei eta alternatiboei lekua eskaintzea.

Jaialdiaren talde eragilean parte hartu nahi dutenek horretarako prestatutako estekaren bidez eman dezakete izena. Informazio gehiago behar izanez gero, Gazteen Informazio Bulegora jo, 945 16 13 30 zenbakira deitu edo infogaztea@vitoria-gasteiz.org helbidera mezu elektronikoa bidali beharko dute.