Gasteizko Udalak laguntza-lerro bat jarri du abian nekazaritzako ekoizpenaren eta banaketaren sektorean enplegua sortzea sustatzeko. Dirulaguntza deialdi berria, 270.000 eurokoa, Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko 2025eko aurrekontu akordioari esker gauzatu ahal izango da.
Maria Nanclares Ekonomia Sustapeneko, Enpleguko, Merkataritzako eta Turismoko zinegotzi nabarmendu duenez, “ekimen honen bidez, Gasteizko Udalak berretsi egiten du nekazaritza-sektorearekin duen konpromisoa, pertsonen kontratazioa sustatuz eta garapen ekonomikorako funtsezkoak diren gure nekazaritza-enpresak modernizatzeko balio duten inbertsioak diruz lagunduz”.
Bestalde, Ekaitz Diaz de Garaio EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, “beharrezkoa da lehen sektoreak Gasteizen duen zereginari balioa ematea, batez ere udalerriko landagunean. Akordio horri esker, sektorean pertsona berriak sartzea bultzatuko da, eta lurrek labore balioari eustea bermatuko da; gainera, proiektu agroekologikoak bultzatzeak ingurunea errespetatzen duten formulen alde egiteko balioko du ”.
Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak 70.000 euro bideratuko ditu Gasteizko udalerriko nekazaritza-lurzatien egoerari buruzko aurretiazko diagnostikoa egiteko, 140.000 euro tokiko nekazaritza ekologikoaren sektorean enplegua sustatzeko, eta 60.000 euro programa hori kudeatuko duen pertsona bat kontratatzeko.
Laguntza horien bidez, Udalak diruz lagunduko du gutxienez 3 hilabetez pertsonen kontratazioa nekazaritzako jarduerak egiten dituzten Gasteizko lantokietan, eta 2024ko irailaren 1etik 2025eko abenduaren 15era bitartean egiten diren kontratuek jaso ahal izango dute diru-laguntza.
Lehentasuna izango dute beren jarduera eredu ekologikoaren pean gauzatzen duten enpresek, eta enpresa bakoitzak gehienez ere 3 kontraturako diru-laguntza jaso ahal izango du.
Inbertsioak
Udalak, halaber, hainbat jarduera diruz lagunduko ditu, hala nola makinen eta lurren erosketa, instalazioen gaikuntza, aholkularitza, ikerketa edo digitalizazio proiektuak ekoizpen ekologikoaren ereduaren arabera lan egiten duten enpresentzat, edo, halakorik ezean, eredu konbentzionalaren arabera lan egiten duten baina birmoldaketa ekologikoa hasi duten enpresentzat.
Itzuli beharrik gabeko eta lehia sinpleko araubideko diru-laguntza horiek beste laguntza batzuekin bateragarriak izango dira.
Eskaerak aurkezteko epea 2025eko urriaren 1ean hasi eta 2025eko abenduaren 15ean amaituko da, eta Udalaren egoitza elektronikoaren bidez zein aurrez aurre egin ahal izango dira Udalaren Bulego Teknikoetan eta gizarte-etxeen sareko Herritarren Arretarako Bulegoetan.