AKTUALITATEA


| 2020-04-04 11:02:00

EH Bilduk Interneterako doako sarbidea eta bitarteko telematikoak (tabletak, ordenagailuak…) eskatzen ditu udal eskumeneko zentro edo etxebizitzetarako. COVID-19k eragindako krisi soziosanitarioaren garai honetan, adineko pertsonak, baliabide eskasak dituzten pertsonak edo dibertsitate funtzionala dutenak dira egoerak kalte gehien eragiten dienetako batzuk; izan ere, gertukoekin harremanetan jartzea zailagoa da isolamendua dela eta. Hori dela eta, EH Bilduk udal zentroetan baliabide teknologikoak eta interneterako doako sarbidea eskatu ditu isolamenduaren ondorio kaltegarriak arintzeko.

Alberto Porras EH Bilduko zinegotziaren ustez, "Egungo konfinamendu egoeran, pertsona askok ezin dituzte teknologia berriak erabili, eta horrek haien isolamendua areagotzea eta pertsona horientzat ondorio larriak sortzea dakar. Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da inor ez ahaztea eta inor atzean ez uztea. Horregatik, EH Bilduk udal eskumeneko zentro eta etxebizitzei interneterako sarbidea eta baliabide teknologikoak ematea eskatzen du, bakardadea arindu ahal izan dezaten gertukoekin konexio telematikoak eginez ".

Interneterako sarbidea funtsezko tresna da konfinamendua ezarri aurreko jarduerak egiten jarraitzeko, aisialdiko jarduerak errazteko eta kanpoaldearekin konektatzeko leihoa izateko. Are gehiago udal-eskumeneko zentroetan bizi diren pertsonentzat: adinekoentzako etxebizitzak, gazteentzako etxebizitzak, familientzako baliabideak, indarkeria matxistaren biktimentzako etxebizitzak, bizitegi-bazterketako baliabideak…

Hori dela eta, Gasteizko Udalaren mendeko egoitza-zerbitzuetan Interneterako doako sarbidea izatea eta zerbitzu eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako ekipo informatikoak izatea eskatu du EH Bilduk. Neurri horren barruan sartzen dira, besteak beste, kanpoaldearekiko komunikaziorako tabletak, bisitak mugatuta dituzten egoitzetako pertsonen kasuan, eta eskola-lana egiteko ordenagailuak, gizarte-heziketako zentroak itxi arte zerbitzuaren erabiltzaile ziren pertsonen kasuan.