EH Bilduk aste honetako osoko bilkuran jakinaraziko du beharrezkoa dela Arabako hiriburuan gaueko garraio publikoaren zerbitzua zabaltzea eta hobetzea. Mozio bidez aurkeztu duten eskaera horretan ere, Eusko Jaurlaritzari eta Euskotren enpresa publikoari eskatzen die atzerapenik gabe diseina eta planifika dezatela tranbia-zerbitzua udalerriko gaueko garraiora gehitzea, aukerarik onenak bilatuz eta Udalarekin koordinatuta.
Izan ere, hainbat atzerapenen ondoren, duela egun gutxi argitara atera da Eusko Trenbide Sarea (ETS) enpresa publikoak tranbiaren bidez Gautxori zerbitzua ezartzeari buruzko azpikontratatutako azterlana. Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, «aukera horri ateak ixten dizkio azterlanak, soilik irizpide ekonomikoetan oinarrituta, eta ez eman litekeen zerbitzuan». «Eusko Jaurlaritzari eta Euskotreni eskatzen diegu beren erantzukizuna onar dezatela, Gasteizko garraio publikoko sistema bakar eta integral baten parte gisa. Ezin dira irizpide ekonomikoak erabili gaueko garraioari irtenbidea bilatzeari uzteko. Ez dute aztertu zerbitzua gaueko ordutegian zabaltzeko eta hobetzeko bitarteko egoerarik, eta zerbitzu horren etorkizunaren erantzukizun guztia Udalaren eta TUVISA sozietate publikoaren esku utzi dute», azpimarratu du bozeramaileak.
Horrela, EH Bilduk tranbia gaueko garraio-zerbitzuetan pixkanaka sartzea ahalbidetuko duen prozesu bat diseinatzearen aldeko apustua egin du, dauden aukerak baloratuz eta eguneratuz (zerbitzu-ordutegiak zabaltzea, larunbatetan soilik zerbitzuak ematea, jaiegunetan zerbitzua ematea edo urtean zehar jende asko biltzen den uneetan...). Izan ere, Viterok adierazi duenez, «udalerrian erreferentea den garraio publiko jasangarria eta gaitasun handikoa da tranbia. Horregatik, bereziki kezkatzen gaitu erabaki horrek, badirudi azterlanaren helburu bakarra Euskotreni dirua aurreztea dela. Baina, gainera, aurrekari eztabaidagarria da; izan ere, litekeena da, aztertzen den edozein egoeratan, autobusaren alternatiba beti merkeagoa izatea, eta, irizpide horren arabera, egungo tranbia-zerbitzua ere ez zen martxan egongo».
Ildo beretik, Ekaitz Diaz de Garaio EH Bilduko zinegotziak adierazi du orain, hain zuzen ere, Gasteiz Zabalagana auzoraino egingo den tranbiaren luzapen baten atarian dagoela, auzoko erreferentziazko garraiobide nagusia izateko helburua duena: «Kontuan hartu beharreko irizpide bakarra ekonomikoa izango bada, horrelako luzapenak ere baztertuta geratuko lirateke. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Euskotreni eskatzen diegu hausnar dezatela eta, beren erantzukizuna onartuz, azter ditzatela tranbia bidezko gaueko zerbitzua ezartzeko dauden alternatibak».
Izan ere, tranbia zerbitzua 2008ko abenduan ezarri zen Gasteizen, eta 2023an 9 milioi bidaiari baino gehiago izatera iritsi da, udalerriko garraio publikoaren sarearen ezinbesteko zati bihurtuz. «Horregatik da nabarmenagoa gaueko zerbitzuaren osagarritasunik eza. Are gehiago, tranbiarena, herritarrek behin eta berriz egindako erreklamazioa izan denean, eta kontuan hartuta Gasteizko Udalak askotan eskatu diela Eusko Jaurlaritzari eta Euskotreni». Gainera, EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du ez dela aparteko zerbait, Bilbon edo Donostian gaitasun handiko garrioaren bidez gaueko zerbitzua eskaintzen baita metroaren eta topo-aren bidez, hurrenez hurren.