Sansomendiko BIZANek estreinaldia izango du gaur. Izan ere, zerbitzuen ohiko eskaintzari, 48 plazako jantokia gehitu dio. Irekiera berri honekin, udal-sareko jantokiak 15 dira, eta 60 urtetik gorakoei 810 plaza eskaintzen zaizkie. Horiei Eguneko Arretarako LAR Zentroetakoak eta etxez etxeko otorduak gehitu behar zaizkie. Santsomendiko jantokia martxan jartzeko erabakia udal-gobernuaren (PSE-EAJ) eta EH Bilduren arteko aurrekontu-akordioaren ondorioa da.
Sansomendiko BIZANeko jantokiak gaur irekiko ditu ateak, azken hilabeteetan egin diren bi obrei esker. Alde batetik, office bat egokitu behar izan da, San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integralean (ALZI) dagoen sukalde nagusian egindako otorduei azken ukitua emateko. Udal Mantentze Zerbitzuak 28.376,92 euroko inbertsioa egin du obrak egiteko, eta igeltserotzako, arotzeriako, iturgintzako eta saneamenduko lanak egiteaz gain, lurrunak ateratzeko sistema egin behar izan dituzte. Horri 9.714 €-ko zenbatekoa gehitu behar zaio, elikagaiak kontserbatzeko eta girotzeko behar diren etxetresna elektrikoak, altzariak eta tresneria hornitzeko (tresna horietako batzuk berrerabili egin dira).
Bestalde, 54.837,35 € inbertitu dira lokal osoaren instalazio elektrikoa berritzeko. Lan horiek beharrezkoak dira etxetresna elektriko berrien funtzionamendua ahalbidetzeko (ontzi-garbigailua, birsortzeko labea, izozkailua, hozkailua eta mikrouhin-labea). Gainera, instalazio osoa Behe Tentsioko Erregelamendu berrira egokitu da. Guztira, 92.928,27 €ko inbertsioa egin da.
Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “adineko pertsonei baliabide gehiago eta hobeak emateko urratsak ematen jarraitzen dugu. Gaur 48 plazako jantoki berria irekiko dugu Sansomendi auzoan. Etxean ahalik eta denbora gehien iraun nahi duten pertsona nagusiek, aukera hori izan beharko luketela defendatzen dugu EH Bildun, eta, horretarako, ezinbestekoa da gure auzoetako jantokien sarea zabaltzen jarraitzea. EH Bildutik lanean ari gara norabide horretan, izan ere, aurreikusitako jangela-proiektuak amaitutakoan, Gasteizko Udalak 878 jantoki plaza izango ditu, eta horietatik 108 EH Bilduren aurrekontu partidari esker sortuko dira. Horrek erakusten du, borondatea dagoenean, posible dela herritarren ongizatea handitzea”.
Inaugurazio-ekitaldian, Maider Etxebarria alkateak nabarmendu du jantoki berri hori irekita, “adinekoentzako funtsezko zerbitzua indartuko” dugula. Baliabide berri horren bidez, elikadura egokia errazten dugu, baina bakardadeari aurre egiten ere laguntzen dugu, eta BIZAN zentroen zerbitzuak gure hiriko bizilagun gehiagorengana hurbiltzen ditugu. Zaintzarako, bizikidetzarako eta ongizaterako pentsatutako espazioak martxan jartzen jarraitzen dugu. Gainera, garrantzitsua da ahalegin hori bateratua izatea, ikuspegi bera partekatzen denean, askoz errazagoa baita aurrera egitea”.
Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok gaineratu duenez, “Udaleko gizarte-zerbitzuek 40 urte baino gehiago daramatzate adinekoentzako jantokien alde egiten, eta, gaur egun, 15 ditugu hiri osoan zehar. Gure asmoa da adinekoentzako baliabideak zabaltzen jarraitzea, beren etxean jarraitzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko aukera izan dezaten. Horregatik, 2026an jantoki berriak irekitzeko plangintza dugu. Jantokiko plazak eskaintzea ez da bakarrik janari osasuntsu eta osoa prezio oso merkean ematea. Zaintzako gizarte-zerbitzuak haratago doaz. Janariak konpainia eta maitasuna dakartza berekin, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko, baita informazioa eta beste pertsona batzuekiko harremanak bultzatzea ere, Gizarte Politiketako Sailak adinekoei eskaintzen dizkien gainerako zerbitzuetara sarbidea emateako”.
Bestalde, Izaskun Reyes Mantentze-lanetako zinegotziak azaldu duenez, “Mantentze-lanen Zerbitzuak zeharka egiten du lan Udal honetan, sail ugarirekin lankidetzan, Gasteizko herritarrei kalitatezko instalazio eta zerbitzuak eskaintzeko. Santsomendiko BIZANen egindako erreforma da horren adibide argia; hala, Gizarte Politiken Sailarekin elkarlanean aritu gara office bat gaitzeko eta zentroaren instalazio elektrikoa berritzeko. Erreforma honi esker, horren preziatua den jantoki-zerbitzua eskaini ahal izango du orain, eta hiriak plaza gehiago izango ditu sare horretarako”.
Gaur, abenduak 2, jantokia 17 erabiltzailerekin hasiko da, eta zifra hori pixkanaka handituz joango da, gehienez 48 erabiltzaile hartzeraino. Orain arte, Sansomendiko 22 adineko joaten ziren beste auzo batzuetako BIZAN sareko jantokietara, ez baitzegoen zerbitzu hori haien auzoan. Horiei eman zaie lehentasuna Oto hiribideko 22. zenbakian zerbitzu berria erabili ahal izateko. Hala ere, oraingoz 8k baino ez dute aldaketaren alde egin. Ondoren, plaza eskaini zaie itxarote-zerrendan zeudenei, eta 9k baiezkoa eman dute. Gaur, beraz, 17 dira zerbitzua estreinatu dutenak. Hala ere, litekeena da datozen asteetan kopuruak gora egitea.
Jantoki horietan otordu osoa eta ikuspegi nutrizionaletik egokia eskaintzen da, eta erabiltzaileen harreman sozialak sustatzen dira aldi berean. 60 urte gehiago dituzten, laguntzarik gabe jateko gai diren eta elikadura egokia izateko arazoak dituzten adinekoak dira hartzaileak, izan familiaren laguntzarik ez dutelako, bakarrik edo sozialki isolatuta daudelako, mendekotasun-arriskua dutelako, 1. mailako mendekotasuna dutelako edo arazo ekonomikoak edo bestelakoak dituztelako. Otordu bakoitzeko prezioak 1,04 eta 5,07 € bitartekoak dira, pertsona bakoitzaren diru-sarreren arabera.
Gasteizko Udaleko Adinekoen Zerbitzuak 15 jantoki ditu gaur egun: 12 BIZAN zentroetan daude, eta 3 Udalaren zentro gerontologikoetan (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Blas de Otero eta Olarizuko Santa Maria). Urtebeteko epean, kopurua 17ra igoko da Zaramagan eta Landazurin egokituko dituztenei esker.