AKTUALITATEA


| 2020-05-15 12:05:00

Konfinamenduaren deseskalada gertatzen ari den heinean, gero eta jarduera gehiago baimentzen dira espazio publikoan, gero eta gehiago dira ere hiritik igarotzen diren pertsonak, eta, horiek gainera, gero eta denbora gehiago igaro dezakete etxetik kanpo. Gaur egungo testuinguruan, EH Bilduk uste du Udalak komun publikoak jarri behar dituela espazio publikoan eta horien osasungarritasuna bermatuko duen mantenua beteko duela ere.


Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak esan duenez, "erakundearen erantzukizuna da pertsona guztien beharrak asetzea eta kudeatzen dituen espazioen osasungarritasunari eustea; horregatik, EH Bilduren ustez, lehenbailehen prest izan beharko lituzke komun publikoak. Beharrezkoa da horrelako ekipamenduak izango dituen hiri-eredu baterantz aurrera egitea, kalean komun publikoak dituzten Europako hiri askotan gertatzen den bezala, eta behar horiek betetzeko beste espazio pribatu batzuen mende ez egotea ahalbidetzen duten heinen".


Alarma-egoeraren adierazpena dela eta, hiriko erabilera publikoko komun gehienak itxi egin dira, bai bide publikoan daudenak, baita ekipamendu publikoetan daudenak ere, hala nola, gizarte-etxeetakoak edo kirol-ekipamenduetakoak. Era berean, ostalaritza-establezimendu asko ixteagatik eta, batzuk, muga askorekin ireki izanagatik, bertako komunak erabiltzea ezinezkoa izan da kasu askotan.


Gainera, bide publikoan dauden komunak itxi zirenean, horien garbiketa ere eten egin zen, eta, ondorioz, osasungaiztasun arazo handia sortu zen kanpoaldean pixatokiak irekita ditutzen komunetan. Hori da, adibidez, Cervantes pasealekuan, estadioaren sarreraren parean, dagoenaren kasua, kontuan hartuta bertatik jende asko igarotzen dela.


"Komun publikoek behar pribatuak ase behar dituzte, eta, horien gabeziak, emakumeengan eragin handiagoa du", gogorarazi du Villalbak. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk premiazkotzat jotzen du herritarrei, behin-behinean bada ere, komun publikoak erraztea. Are gehiago, ezin denean aurreikusi datozen deseskaladako faseetan ostalaritzaren eta aipatutako ekipamenduen irekiera orokorra batera etorriko direnik. Era berean, EH Bilduk Gasteizko Udalari eskatu dio lehenbailehen garbitu ditzala hiriko hainbat tokitan dauden itxi gabeko kanpo-pixatokiak.