AKTUALITATEA


| 2024-09-24 09:11:00

Udalak lizitaziora atera du Montehermoso Kulturunea Bultzatzeko Plana prestatzeko eta azterketa estrategikoa egiteko aholkularitzako eta laguntza teknikoko zerbitzuaren kontratazioa.

Ekimen hori EH Bilduk, PSEk eta EAJk 2024an adostutako aurrekontu-akordioari esker sortu da. Hala, “Oihanederren jarduera birbideratzea” izeneko kontu-sailak 250.000 euro zituen eta, zenbateko horretatik 40.000 euro azterketa hori egiteko erabiliko dira.

Kontu-sailaren helburua espazio hori birpentsatzeko denbora hartzea da, bertan lan egiten duten pertsonekin eta Vitoria-Gasteizko sektore kulturalarekin batera, etorkizunera begira izan beharko lukeen noranzkoa zehazteko. Hau da, Montehermosok nolakoa izan behar duen irudikatzeko eta zehazteko eta horren inguruko lehen ekintzak ezartzen hasteko kontu-saila da. Horretarako, Montehermoso Kulturunearen azterketa estrategikoa egingo da, teknikariekin, kultur eragileekin eta herritarrekin elkarlanean. Eta, hortik aurrera, bultzada-plana prestatuko da, epe ertain eta luzerako ekintzekin.

Garatu beharreko zereginen artean, egungo egoeraren diagnostikoa eta Montehermoso Kulturunea Bultzatzeko Plana egiteko lan-saioak daude. Plan horrek ezarri beharreko neurri zehatz batzuk jasoko ditu: hala nola beka, programa edo egonaldi berriak martxan jartzea, ekipamendua erostea edo jarduera berriak garatzeko espazioak prestatzea.

Bestalde, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak, azaldu duenez, “Montehermoso Kulturunea tokiko artista garaikideek bultzatutako proiektu askoren katalizatzailea da, eta hasi berriak diren artistentzat erreferente izatea lortu du. Gaur egun, bere helburuak eta jarduerak tokiko testuinguruko artisten lana ekoizten eta ikusarazten laguntzera eta kalitatezko programazioa ezartzera bideratzen ditu. Programazio hori lengoaia artistiko garaikide ugarietara zabalik dago eta, horri esker, prestakuntzarako guneak sortzen eta publiko berriak sortzen laguntzen du. 2023ko irailaren 19an, Kultura eta Hezkuntza zinegotzi gisa nire kargua hartu nuenean azaldu nuen moduan, gure asmoa eta konpromisoa da zentro horrek tokiko arte garaikidea bultzatzeko eragile gisa duen zeregina indartzea”.

“Oihaneder Euskararen Etxearekin instalazioak modu partekatuan erabili dituen etapa amaitu ondoren, Montehermoso Kulturuneak bultzada sendoa behar du. Beharrezkoa da, behingoz, tokiko kultura-sorkuntzari eta -erakusketari eskainitako erreferentzia-zentro bihurtzea. Horrez gain, sortzaileak eta gizarte-kolektibo eta -eragileak elkartzeko gune bihurtu behar du, sinergiak sortu ahal izateko. Azken batean, beharrezkoa da Montehermosoren jarduera birbideratzea, kulturarako erreferentziazko gune bihur dadin”adierazi du Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak.

Montehermoso Kulturuneak artea eta kultura garaikidea sustatzen eta zabaltzen ditu artistak, kultur eragileak eta publikoak elkarrekin lotzen dituzten proiektu propioak ekoitziz, erakutsiz eta zabalduz. Tokiko testuinguruarekin konprometitutako espazioa da, kolektibo artistikoari bere obra ekoizteko eta hedatzeko laguntza eskaintzen diona, kultura- eta gizarte-eragileei beren proposamenak garatzeko baliabideak ematen dizkiena eta herritarrak programazioan aktiboki parte hartzera gonbidatzen dituena.