AKTUALITATEA


| 2023-01-24 11:24:00

EH Bildu Gasteizek «kezkaz» ikusi du Arana Klinika zaharreko eraikinetan harrera makrozentroa egiteko proiektuaren inguruan sortu den polemika guztia. «Geure ustez, eztabaida hori saihestu zitekeen PSOEk eta EAJk aldez aurretik lan egin izan balute errefuxiatuen eta migratuen beharrei erantzuteko beharrezkoak diren harrera eredua eta baliabideak partekatzeko eta adosteko, pertsona horien bizi kalitatea lehenetsiz beti», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko Gasteizko zinegotziak.

Viterok gogorarazi du 2015. urtean udal talde guztiek adierazpen instituzional bat onartu zutela, aho batez, Gasteiz Europako babesleku hirien sarean sartzeko nahia bere eginez.
«Orduan, Gasteiz Harrera Hiri izateko ideiarekin bat egin genuen. Espiritu horri, hiri ireki, eskuzabal eta abegikorra izatearena, orain berriro heldu behar diogula uste dugu», zinegotziaren hitzetan.

EH Bilduk uste du EAJren eta PSEren
«arduragabekeria» izan dela egoera ahulean dauden pertsonak liskar politiko baten erdigunean jartzea. «Beharrezkoa da zarata murriztea, elkarrizketa eta koordinazioa areagotzea, eta erantzukizuna eskatzea. Uste dugu posible dela egoera ahalik eta modu adostuenean bideratzea», azaldu du Viterok.

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du otsailaren 17ko udalbatzan eztabaidatzeko.
«Udalean jarrera ahalik eta adostuena eta zabalena izatea nahi dugu, eta azken egunetan sortutako egoera bideratzeko aukera ematea. Gasteiz borondate abegikorra duen hiri gisa berreskuratzea ahalbidetuko duena, errefuxiatuei eta migratuei arreta eta gizarteratze prozesu ahalik eta duinenak eta hurbilenak ahalbidetzeko behar diren arreta baliabide guztiak izango dituena».


Ildo horretan, Viterok azpimarratu du arreta ereduari buruzko diagnostikoa partekatzen dutela Gasteizen errefuxiatuekin lan egiten duten elkarteekin: «Helburua izan behar da hainbat baliabide eskaintzea, deszentralizatuak eta udal mailan pentsatuak, arreta eta inklusio prozesuak ahalik eta hurbilenak izatea errazteko. Behar diren bitarteko guztiak, baina beti filosofia horri erantzunez. Baina hori ez da gertatzen estatuak Arana klinika zaharrerako lizitaziora atera duen proiektuan».

Mozioak immigrazio politiken transferentzia ere eskatzen du, herritar guztien eskubide, betebehar, eta aukera berdintasunean arautu ahal izateko tresna gisa. Horrez gain, proposatu du Gasteizko Udalak lagundu egin behar duela eta parte hartu behar duela migratzaileen eta errefuxiatuen beharrei erantzuteko udal mailan behar besteko baliabideen eskaintza zehazteko lanean, eremu horretan lan egiten duten elkarteen ekarpenak eta eskaerak kontuan hartuta
.