AKTUALITATEA


| 2024-10-21 12:57:00

Vitoria-Gasteizko Udalak, Ingurumen Gaietarako Ikastegiarekin (IGI) lankidetzan, lan-ildo bati ekin dio Arabako Lautada eskualderako Biosfera Erreserba izendatzeko bidean aurrera egiteko. Ideia hau udal-gobernuak eta EH Bilduk adostutako akordiotik sortu da, eta 50.000 euroko aurrekontua du proposamen honen hasierako garapena egiteko.

Araban lehen Biosfera Erreserba sortzea da helburua, zehazki, Zadorraren goiko arroan. Guztira 950 km2 izango lituzke (14 udalerri eta 275.000 biztanle), eta Espainiako estatu osoan biztanle gehien dituen biosferaren erreserba eta ezaugarri horik dituen bakarrenetako bat bihurtuko litzateke, erreserbaren barruan tamaina ertaineko hiri bat izango bailuke: Gasteiz. Gainera, planteamenduak kontuan hartzen du ingurumen-balio handiko eremua dela, eta honako hauek barne hartzen dituela: Gasteizko Mendiak, Arrato mendilerroa eta Gorbeiako Parke Naturala, Aizkorri-Aratz Parke Naturala eta Urkiolako mendilerroa, Entzia mendilerroa eta Iturrietako mendiak. Erreserbaren barruan dauden leku natural interesgarrien artean, Gasteizko Eraztun Berdea, Salburuko hezeguneak eta Zadorrako eta bertako urtegietako kontserbazio bereziko eremuak nabarmendu behar dira.

“Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak konpromiso osoa du klima-aldaketaren aurkako borrokarekiko eta egungo gizarte- eta ingurumen-erronkekiko, 2030eko Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuekin lerrokatuta. Eta helburu hori lortzeko, Biosfera Erreserba tresna baliagarria izan daiteke. Gaur gure aberastasun naturalari balioa ematea helburu duen bide berri bati ekingo diogu. ‘Lautada Biosferaren Erreserba’ izendatzearekin lotuta aurretiaz egin beharreko lan hauen bidez, gure aniztasun biologikoa eta kulturala kontserbatzeko eta, herritarrek naturarekin duten harremanaren bidez, garapen ekonomikoa eta soziala lortzeko izendapen horrek zer eragin izango lukeen aztertu nahi dugu”, adierazi du IGIko presidente Borja Rodríguezek.

“Nazio Batuek askotan onartu dute jasangarritasunaren erronka hirietan jokatzen dela eta, horregatik, uste dugu larrialdi klimatikoaren erronkari aurre egin behar zaiola, Biosfera Erreserbak bezalako tresnak egokituz. Horrelako 700 espazio baino gehiago daude munduan eta horietako bi Euskal Herrian daude. Horregatik, uste dugu Gasteiz eta Araba aukera handi baten aurrean daudela; izan ere, larrialdi klimatikoari aurre egiteko tresna berriak sortzeko aukera emateaz gain, tokiaren jasangarritasunari modu integralean heltzea ahalbidetuko dio, jasangarritasuna ekosistemen eta bioaniztasunaren kontserbazioaren eta mantentzearen ikuspegitik zein ikuspegi sozioekonomikotik jorratuz. Gainera, herritarrekin batera egin nahi dugu”, adierazi du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak.

Garrantzitsua da azpimarratzea prozedura horretan aurrera egiteak ikerketa zientifikoa erakarriko duela, turismo jasangarria sustatuko duela eta nazioarteko proiekzioa ekarriko duela. Ildo horretan, prozesu horretan bitartekari neutral bat egongo da, tartean diren eragileekin beharrezko elkarrizketa izateko. Zeregin hori jasangarritasunean eta trantsizio ekologikoan aditua den eta Zaragozako Unibertsitatean doktore den Cristina Mongek hartuko du bere gain. Adituak ikerketa-proiektu garrantzitsuak garatzen ditu Globernancen, BC3n eta Atelier Fundazioan.

Hala, Mongek Gasteiz zoriondu du jasangarritasun arloan liderra delako. Gainera, ekimen berritzaile honetan parte hartzeko egindako gonbidapenagatik eskerrak eman ditu eta ekimenak arrakasta izan dezan bete beharreko oinarriak zehaztu ditu.

“Era honetako proiektu bat ondo egiteko, beharrezkoa da guk zero minututik aurrerako parte-hartzea deitzen diogun horretatik abiatzea. Hemen ez gara proposamen batekin iritsiko. Hori beharren, orri zuri batekin iritsi behar dugu, Biosferaren Erreserba izateak zer eragin izan dezakeen azaltzeko eta iritziak, zalantzak, sentsibilitateak eta abarrak biltzeko prest. Hau da, era honetako ekimen baten inguruan eragile politikoek, sozialek eta ekonomikoek planteatu beharreko guztia jaso behar dugu”, adierazi du.

“Era berean, oso garrantzitsua da gobernantza ona eratzea. Erabakiak nork, zer testuingurutan eta erakunde, gizarte eta hitzarmen mailako zer esparruren baitan hartzen dituen erabakitzea, besteak beste”, gehitu du.

Gaur goizean, IGIko presidenteak, EH Bilduko zinegotziak eta Cristina Mongek barne-bilera egin dute proiektua garatzen jarraitzeko eta etorkizunean eman beharreko pausoak zehazteko. Ondoren, ekintzaz betetako eguna izango dute eta, bertan, azterketaren esparru baitako hainbat gune estrategiko bisitatuko dituzte.