Vitoria-Gasteizko Udalak, Ingurumen Gaietarako Ikastegiarekin (IGI) lankidetzan, beste urrats bat eman du Arabako Lautadako eskualdean Biosferaren Erreserba izendatzeko aukerara bidean, eta, horretarako, laguntza teknikoa kontratatzeko espedientea onartu du, arlo horri buruzko kodiseinu, kontraste eta proposamena egiteko. Ekintza horretara 100.000 euro bideratuko dira guztira (BEZa barne), Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko 2026rako aurrekontu-akordioari esker.
Ildo horretan, 12 hilabeteko epean, 2026ko irailaren 9an hasita, enpresa esleipendunak Biosfera Erreserbaren proposamenaren azken dokumentua garatu beharko du. Horretarako, talde eragilea izango dute, proposamenaren diseinua eta ereduaren definizioa egingo dituena, eta proposamenaren eragile eta publiko objektiboekin kontrastatuko da.
Proposamenaren azken dokumentuak honako hauek jaso beharko ditu: proposamenaren eremuaren mugaketa eta ezaugarri fisikoak eta lurralde mailakoak, kontserbazio-, garapen- eta laguntza logistikoko funtzioei ekiteko erronkak, helburuak eta jarduketak, proposamena garatzeko gobernantza-proposamena eta prozesuarekin jarraitzeko ibilbide-orria.
Hasieratik, prozesu hori “orri zuri”, eta herritarren parte-hartzearen aldeko lehentasunezko apustu gisa planteatu zen, lurraldeko eragileek jarraitu beharreko ibilbidea definitu behar dutela sinetsita. Horregatik, aldez aurretik, eta Udal Gobernuaren eta EH Bilduren aurrekontu-akordioari esker, IGIk sozializaziorako eta entzunaldirako jardunaldi irekia antolatu zuen, lurraldeko hainbat eragileren lehen inpresioak, aurreikuspenak eta baldintzatzaileak jasotzeko aukera eman zuena.
Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “EH Bildutik Biosfera Erreserbaren figuraren inguruko gogoeta egiten eta bultzatzen dugu, lurraldearentzat eta gure udalerriarentzat pizgarria izango dela ulertuta. Horrela, dibertsitate biologiko eta kulturalaren kontserbazioaren alde egiten dugu, garapen ekonomiko eta lokalaren alde, eta ibilbide hori bertakoekin batera egitearen alde. Jasangarritasunaren erronka hirietan jokatzen da, eta, horregatik, figura hori funtsezko elementua izango da larrialdi klimatikoaren erronkari aurre egiteko. Orain, urrats garrantzitsua egin dugu Araba Erdialdeko Biosfera Erreserba sortzeko, esleitu genuen prozesu horretatik aterako baita proposamenaren azken dokumentua”.
“Ildo horretan aurrera egiteko, hasitako hitzarmen-prozesuari jarraipena emateko eta indartzeko, beharrezkotzat jotzen dugu fase berri bat garatzea, analisi teknikoa eta parte-hartze sozialaren zabaltzea eta dibertsifikazioa uztartuko dituena, bai eta erakundeak indartzea ere. Helburua da Arabako Lautadaren ingururako Erreserba eredua definituko duen proposamena egitea, gizartean elkarrekin diseinatu eta kontrastatua”, azpimarratu du Ingurumeneko zinegotzi Borja Rodríguezek.
Arabako lehen Biosfera Erreserba Zadorraren goiko arroan planteatzen da, 950 km2 inguruko azalerarekin, eta 14 udalerri eta 275.000 biztanle biltzen ditu. Aurrera eramango balitz, Estatu osoan biztanle gehien dituen Biosferaren Erreserba bihurtuko litzateke.
Ingurumen-balio handiko eremua da, honako hauek barne hartzen dituela: Gasteizko Mendiak, Arrato mendilerroa eta Gorbeiako Parke Naturala, Aizkorri-Aratz Parke Naturala eta Urkiolako mendilerroa, Entzia mendilerroa eta Iturrietako mendiak. Erreserbaren barruan dauden leku natural interesgarrien artean, Gasteizko Eraztun Berdea, Salburuko hezeguneak eta Zadorrako eta bertako urtegietako kontserbazio bereziko eremuak nabarmendu behar dira.