AKTUALITATEA


| 2024-10-10 09:13:00

Gasteizko Udalak dirulaguntza lerro bat martxan jarriko du Komunitate Energetikoak sortu eta kudeatzeko eta eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioak abian jartzeko (autokontsumo kolektiboko erregimenean). EH Bilduk, PSEk eta EAJk lortutako aurrekontu akordioari esker, laguntza horiek 585.000€-ko aurrekontua dute guztira, eta energia berriztagarrien sorreraren bidez udalerriko trantsizio energetikoa bultzatzera bideratuta daude. Partida honetako gainerako 15.000 euroak (guztira 600.000€-ko partida da aurrekontu akordioan jasotakoa) dirulaguntza horiek sustatzeko kanpaina baterako izango dira.


Deialdi honen xedea neutraltasun klimatikoaren helburua lortzeko bidean aurrerapausoak ematen laguntzea da, energia berriztagarrien instalazioak sustatzea bezalako proposamenen bidez. Horregatik, diruz lagundu daitekeen zenbatekoari dagokionez, komunitate energetiko berriek 75.000 eurorainoko laguntza jaso ahalko dute martxan jartzeko.


Auzo bakoitzaren beharrak eta kasuistikak kontuan hartuta, dirulaguntza horiek aurrekontu osoaren %60 (351.000€) bideratuko dute auzo zaurgarrienetan sortzen diren komunitateetara, ofizialki eremu degradatuak izendatu diren auzoetara, alegia: Adurtza, Abetxuko, Arana, Ariznabarra, El Anglo, Judimendi eta San Kristobal. Gainerako %40a (234.000€) udalerriko gainerako auzoen eta toki-erakundeen artean banatuko da.


Dirulaguntza horiek, egoitza-kontsumitzaileek osatutako komunitate energetikoei zuzenduta egoteaz gain, elkarteei, ETEei eta herritar-erakunde edo erakunde publikoei ere emango zaizkie. Betiere kontuan hartuta komunitate energetiko horietan, bazkideen %75ek baino gehiagok ezingo dutela inolako jarduera ekonomikorekin loturarik izan beharko.

 

"Deialdi honen helburuak honako hauek dira: Vitoria-Gasteizko trantsizio energetikoa bultzatzea, energia-komunitateen sorreraren bitartez energia komunitarioaren kontzeptua babestea, energia berriztagarriek hiriko "mix "energetikoari egiten dioten ekarpena handitzea eta horietan inbertitzen laguntzea. Azkenik, udal plangintzan ezarritako neutraltasun klimatikoaren helburua lortzen lagundu nahi da", azaldu du Borja Rodríguez Hiri Eredu, Hirigintza, eta Ingurumenaren Saileko zinegotziak. 

 


"Udalerrian karbonoaren neutraltasuna lortzeko, trantsizio energetikoa bultzatuko duten neurrietan aurrera egin behar dugu. Zentzu horretan, komunitate energetikoak ezinbesteko zutabea dira energia-ekoizpena demokratizatzeko eta gure teilatuak aprobetxatzeko. Horregatik, komunitate energetikoak sortzearen kostuaren hiru laurdenera arteko dirulaguntza emango dugu, bereziki eremu degradatu gisa izendatuak izan diren auzoetan. Aurrekontu akordioan jasotako neurri honek aurrerapausoak ematen ditu berriztagarrien sorkuntzan eta hain beharrezkoa den trantsizio energetikoan", adierazi du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak.


Laguntza hauek jasotzeko eskaerak aurkezteko epea ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta aurtengo abenduaren 31n edo erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arteko epea izango dute. Eskaera aurrez aurre aurkeztu ahal izango da Herritarrei Arreta Emateko Bulegoetan, Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, https://sedeelectronica.vitoria-gasteiz.org helbidean, eta 39/2015 Legearen arabera legez aurreikusitako gainerako moduetan. Eskaera hori ebazteko gehienezko epea 3 hilabetekoa izango da. Gainera, aipatu behrara dago laguntza horiek bateragarriak izango direla beste edozein administrazio edo erakundetatik, Europar Batasunetik edo nazioarteko erakundetatik helburu bererako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabide batzuk eskuratzearekin.