AKTUALITATEA


| 2022-07-14 11:21:00

EH Bilduk mozio bat helaraziko dio udalbatzari, eta bertan eskatuko dio Gasteizko Udalbatzak errefusa dezala gasa eta nuklearrak energia jasangarri gisa onartzea Europako inbertsioen taxonomia berrian. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, Europar Batasuneko inbertsio berdeei buruzko taxonomia berri baten barruan zentral nuklearretan eta gas-zentraletan egindako zenbait inbertsio «jasangarri» gisa onartzeko Europako Parlamentuan lortutako akordioa «atzerapauso bat da, eta arriskuan jartzen ditu Gasteizen jasangarritasuna bultzatzeko partekatutako lorpenak».

Izan ere, Europako erabaki hori atzerapausoa da larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan eta Parisko goi-bilerako konpromisoak lortzeko energia berriztagarriek ezinbestekoa duten hedapenean. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk osoko bilkurari eskatuko dio 1999ko urtarrilaren 15ean Gasteiz «udalerri ez-nuklear» izendatu zuen aho batez hartutako erabakia berrestea, eta, era berean, udalerrian gas naturala esploratzeari eta ustiatzeari uko egiteko eskatuko dio.

Ezaguna eta aitortua da Gasteizek j
asangarritasunaren eta ingurumenaren babesaren arloan egin duen ibilbidea. 2012. urtean European Green Capital saria eman izana aipatu ohi da adibide gisa. Sari hori Gasteizko erakundeek eta herritar guztiek urte askotan egindako lanari dagokio. Jasangarritasuna bultzatzeko ahalegin horretan kokatzen da Santa Maria de Garoña zentral nuklearra ixteko borroka sozial eta politiko luzea. Energia nuklearraren erabilerari eta mantentzeari buruzko ezezko argi hori 1999ko urtarrileko ahobatezko akordio horretan jasota geratu zen. Harrezkero, Gasteizera «udalerri ez-nuklear» gisa ongi-etorria ematen duten karteletan egon da harrezkero. Egun, Garoñako zentrala itxita dago, baina desegitea atzeratzen ari da.

Energia garbi eta ez-kutsatzaileetan oinarritutako trantsizio energetikoaren aldeko konpromiso horren beste adibide bat Gasteizko udalerriko lurpean gasa esploratzeari eta ustiatzeari uko egitea da. Proiektu horrek, Subijanakoak, bere defendatzaileen gogortasunaren aurrean, Gasteizko gehiengo sozial eta politiko handi baten oposizioa izan du. Adibide
gisa, 2020ko abenduaren 23ko udalaren osoko bilkuran berariaz arbuiatuta, honako hau erabaki zen: «Gasteizko Udalaren osoko bilkurak ez du onartzen Armentia-2 izeneko gas-putzua esploratzeko eta ustiatzeko proiektua».