AKTUALITATEA


| 2019-04-08 10:24:00

Miren Larrion: «Udalaren kontratu garrantzitsuena da garbiketari eta zaborren bilketari dagokiona. Hurrengo udal gobernua zeharo baldintzatuko duen erabaki bat da. Arduragabekeria litzateke orain baldintza-orria argitaratzea eta konkurtsoa martxan jartzea, hauteskundeak egiteko hilabete eta erdi baino falta ez denean»

Hondakin taldearen azken bileran, udal gobernuak talde politikoei azaldu zien bere asmoa dela garbiketa eta hondakin bilketa egiteko kontratu berriaren baldintzak argitaratzea hauteskundeak egin baino lehen, heldu den maiatzaren 26an. EH Bilduk uste du erabaki horrek ondorio erraldoiak dituela, eta ezin dela inolaz ere korrika eta presaka hartu. Hori dela eta, koalizioak mozio bat aurkeztu du. Testu horretan udalbatzari eskatzen zaio garbiketari eta zaborrei dagozkien erabaki esanguratsu guztiak hurrengo legealdian hartzea, udal gobernu berri bat agintean dagoela.

Zabor bilketarena da Gasteizko Udalak duen kontratu garestiena. Urtero ia 23 milioi euro gastatzen ditu horretan. Azken kontratua aurreko alkate Javier Marotoren agintaldiaren amaieran adjudikatu zen, eta gogotik ordaindu dugu erabaki hura legealdi osoaren joanean. «Arazoak, arau-hausteak, lan gatazkak… erabaki hura sekulako akatsa izan zen, eta argi geratu da FCCk egin duen lan negargarriarekin», azpimarratu du EH Bilduko udal bozeramaile eta alkategai Miren Larrionek.

Larrionen aburuz, zalantza ugari daude udalak hurrengo urratsak zehazteko martxan jarri duen bide-orriari buruz. Lehenik eta behin, ez dago inolaz ere bermatuta azken lau urteetako lardaskeria ez dela errepikatuko. «Asko kezkatzen gaitu ez dugula inolako ondoriorik aterako gertatutakoaren inguruan. Ezin da ulertu egin dugun bide guzti honen ondoren aukera egotea FCCk berriro ere kontratua lortzeko, eta trukean diru gehiago irabazita, gainera», ohartarazi du Larrionek.

Erabakia atzeratzeko beste arrazoi bat da gaur-gaurkoz ez daudela eguneratuta hondakin kudeaketan udalerriak dituen helburuak eta planifikazioa. Uneotan, Hondakinak Kudeatzeko Udal Plan Zuzentzailea ez dago onartuta. Dokumentu hori ezinbestekoa da erabakitzeko nora doan Gasteiz hondakinen kudeaketan, eta ez du logikarik baldintza zehatz batzuk ezartzea zabor bilketaren kontraturako, deus jakin gabe epe ertainean lortu nahi diren emaitzei eta helburuei buruz.

Azkenik, FCCrekin harremanak moztea beharrezkoa bazen ere, zalantzak daude udal gobernuak multinazionalarekin zeukan egungo garbiketa kontratua bertan behera uzteko erabili duen prozeduraren inguruan.

Guzti horri gehitu behar zaio ez dela egin benetako eztabaida bat udalerriak garbiketari aurre egiteko dituen aukera ezberdinen inguruan. «Arazoak baino ez dizkigu ekarri zaborraren multinazionalekin azpikontratatzen duen ereduak. Berriro ere akats berdina egin baino lehen, gogoeta egin behar dugu eta alternatiba ezberdinak aztertu. EH Bilduren ustez, aukerarik onena da zaborra biltzeko eta garbitzeko zerbitzua berriro ere udalaren eskuetan geratzea, bermunizipalizazioa alegia, eta merezi du aukera hori sakonean aztertzea», amaitu du Larrionek.