AKTUALITATEA


| 2021-09-17 13:05:00

EH Bilduren ustez, udal gobernuak proposatutako Ordenantza Fiskalen proposamenak ez du sistema fiskalaren azterketa bere osotasunean jasotzen, ez baititu diru sarrerak eta gastuak kontuan hartzen. Hori dela eta, Felix Gonzalez Gasteizko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak esan duenez proposamena «ez da nahikoa». Harrigarria da aldez aurretik gobernuak bere proposamena diru-sarreren zati batean bakarrik zentratzea, beste diru-sarreren tresna batzuk hobetzeari eta eguneratzeari uko eginez. Gainera, proposamen hori, berez, ez zaie korporazioko taldeei aurkeztu, eta formak ere ez dituzte zaindu. Izan ere, Urtaranen gobernuaren albiste interesatuez gain, ez dugu horren berri izan, gaur eguerdiko Gobernu Batzordetik atera diren lehen zertzelada batzuk ezagutu ditugun arte.


Lehen zertzelada horiek ezagututa, proposamen hau urrun dago herritarrek eskatzen duten egungo egoerari erantzutetik. Ordenantza fiskalak lehentasunak bultzatzeko tresna ere izan daitezke. «Babes soziala, ekitatea, larrialdi klimatikoaren aurkako borroka, etxebizitza politika... fiskalitatetik bultzatu daitezke eta bultzatu behar dira, eta EH Biduk bide horretatik ibiltzeko proposamenak egingo ditu», adierazi du Gonzalezek.


«Tasa eta prezio publikoetan bakarrik oinarritzen den proposamena errotik dator. Gainera, igoera horiek, oro har, berdin eragiten diete herritarrei, haien errenta-maila edo egoera ekonomikoa edozein dela ere, hobari puntual batzuetatik haratago». Gaur egun, gure zergek eta tasek progresibitatea hobetzeko aukera dute eta sistema bidezkoagoa eratzeko, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Diru-sarrerak modu egonkorrean indartzeak aukera emango luke krisi egoerei berme gehiagorekin aurre egiteko. EH Bilduren ustez, eztabaidak gure zerga-sistema osoa hartu behar du kontuan, eta horrela egiten bada, prest gaude fiskalitate bidezkoago eta progresiboago batean aurrera egingo duten neurriak onartu eta adosteko.