Ostiral honetan Gasteizen egingo den Udal Osoko Bilkuran, EH Bilduk Gasteizko hegoaldean 0-2 urte bitartekoentzat haur-eskolen plaza berriak sortzea proposatuko du. Egun, Gasteizko hegoaldean dagoen haurreskola publiko bakarraren, Gurutzmendi Haurreskolaren, ohiko okupazioa %100ekoa da, eta familia askok auzotik kanpo dauden haur-eskoletara eramatera behartuta ikusten dute euren burua.
Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, «datuek agerian uzten dute egungo plazen eskaintzak ez duela eskaria asetzen. Arazoa beste haurreskola horiek bilatzean sortzen da, Gurutzmenditik gertuen daudenak handik ordu erdira baino gehiagora aurkitzen baitira, 2 kilometro baino gehiagora».
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk auzo horietan eskaini beharreko plazak handitzea eskatu du, eta Udalari eskatu dio plaza horiek hartzeko instalazio egokiak bilatzeko eta eskaintzeko. «Plaza gehiago sortu behar dira, benetako beharra dagoelako, baina, gainera, aipatu beharra dago badaudela horretarako prestatuak dauden azpiegiturak. Horren adibide da gaur egun Adurtza Ikastolako bi urteko gela hartzen duten Dantzari plazako instalazioen kasua. Izan ere, Olarizu Auzo Eskola berriaren fusioaren ondorioz, instalazio horiek hutsik geratuko dira. Instalazio horiek abantaila nabarmenak dituzte aprobetxamenduaren ikuspegitik, eraikita eta egokituta daudenez, inbertsio ekonomiko txikiagoa behar dutelako eta epe laburrean martxan egon daitezkeelako», adierazi du Viterok.
Izan ere, bai auzotarrek bai hezkuntza-sektoreak hiriaren hegoaldeko plazak premiaz zabaltzea eskatzen dute, gaur egungoak gainezka baitaude. Eta horren adibide da matrikulazio-araudiak berak aukera ematen duela hilaren 1etik 8ra bitartean hilero erabiltzaile berrien inskripzioak egiteko. Bada, azken bost urteotan aukera hori ez da posible izan Gurutzmendin, ohiko okupazioa % 100ekoa delako. Esan bezala, hegoaldean dagoen 0-2 urteko ikastetxe bakarrean okupazio % 100ekoa da uneoro.
Ildo horretan, EH Bilduk ere eskari hori egingo du Eusko Legebiltzarrean.